Home ZAST

Jarrai dezagun gozatzen

Ohiko ordutegitik kanpo, larunbatean iluntzeko 20:30etan jokatuko du Aritzbatalden Ulacia Grupok Rodamientos Arizti talde gasteiztarraren aurka. Helburua, garaipenaren bidera itzultzea.

<   >

Azken jardunaldiak penatuta utzi zituen Ulacia Grupoko kideak. Balentria handia eginez garaipenak azken momentuan ihes egin zien zarauztarrei. Baina, iragan larunbatean Atletico San Sebastianen zelaian argi geratu zen Jokin Collantesek entrenatzen duen taldeak fitxa eta arma asko diela partiduei aurre egin eta garaipenarengatik lehian aritzeko, Izotz Barrio iragan jardunaldiko erreboteatzaile nagusia izan da. Jokalariek ez dute segundu bakar batean ere borrokatzeari uzten eta nahiz eta partidua maldan gora jarri, bereari eutsi eta partiduan sartzeko gaitasuna dutela erakutsi dute orain arte jokatutako hiru partiduetan.

Denboraldiko lehen porrota jasanda helburua argia du Ulacia Grupok bihar Aritzbatalden jokatuko duen partiduari begira: garaipenaren bidera itzultzea. Etxean sendo egon nahi dute zarauztarrek eta zaletuei ikuskizuna eta garaipenak oparitzen jarraitu. Ohiko ordutegitik kanpo, larunbat iluntzean, baina dena emateko eta denboraldiko hirugarren garaipena eskuratzeko prest dago taldea.

Aurrean Rodamientos Arizti talde gasteiztarra izango dute zarauztarrek. Talde igo berria, baina horrek ez du esan nahi aurkari erraza izango denik. Atletico San Sebastian eta Hernaniren aurkako lehen bi jardunaldietan porrot argiak jaso arren, azken jardunaldian aise garaitu zuten San Cernin talde iruindarra, 100-50. Erritmo handiko partidua aurreikusten du Jokin Collantesek: ”erritmo handiko partidua izango dela iruditzen zait. Igo berriak dira gasteiztarrak, eta lehen bi jardunaldietan mailari erritmoa hartzea kosta bazitzaien ere, pasa den asteburuan partidu bikaina egin zuten markagailuan aurkaria bikoiztuz, 100-50. Indarberriturik etorriko dira eta talde arriskutsua bilakatzen du horrek. Erne egon behar dugu eta aurkaria ez gutxietsi”.

Azken jardunaldiarekin alderatuta Ulacia Grupok jokalariak berreskuratu ditu, jokalari gehienak daude Jokinen esanetara, kalitatezko entrenamenduak egiten ari dira jokalariak, entrenamenduro intentsitatearekin lan eginez, partidurako gogoa, garaipenerako gosea erakusten dute astean zehar eta hori partidura eraman nahi dute.

Jokin Collantesek gogotsu ikusten ditu bere jokalariak: “ondo ari gara entrenatzen astean zehar eta uste dut taldea prest dagoela partiduari aurre egiteko. Aurreko asteetako lanari jarraipena emateko gai izan behar dugu. Lehengo astean ezin izan genuen irabazi eta garrantzitsua da berriz ere garaipenaren bidera itzultzea, etxean jokatzen dugunez gainera ezin dugu hirugarren garaipena lortzeko aukera pasatzen utzi”.

Ikuskizuna ziurtatua dago Gizonezkoen Lehen Mailako laugarren jardunaldian. Ea denon artean Aritzbatalde bete eta Ulacia Grupo garaipenaren bidean laguntzen dugun. 1,2,3 ZARAUTZ! 

AURREKOA    HURRENGOA