Zertarako lasai bizi emozioa eman badiezaiokegu partiduari? Sentimendu horrekin gorputzean irten ginen partidutik larunbatean Aritzbataldera gerturatu ginen guztiak. Sentsazio kontrajarriak, Ulacia Grupo momentu askotan nagusi izan zenarena, garaipena erraz lor zezakeenarena, baina porrota urrun egon ez zenaren sentsazioa ere izan zen.
Partidua ondo hasi zuten Jokin Collantesek, erasoan erraz jokatuz eta asmatuz 8-0ko partzialarekin aurkariei hutsartea eskatzera behartu zieten. Hutsarteak on egin zien gasteiztarrei, baina zarauztarrak lokartuta utzi zituen eta lehen minutuko sentsazio onak ezerezean geratu ziren, gasteiztarrek abantaila ezerezean utzi eta aurretik jartzea lortu zutelarik. Baten saskiratzea, besteak erantzun eta azken minutuko susperraldiarekin 4 puntuko aldea Ulacia Grupo lehen laurdenaren amaiera, 18-14.
Bigarren laurdenean gauzak bide beretik jarraitu zuten lehen minutuetan, baina zarauztarren kalitateak, erasoko lan onak eta defentsako sendotasunak 10 puntuko abantaila izatera eraman zituen Jokin Collantesen mutilak, 36-26 eta 38-28. Partidua hautsiko zutela zirudien, baina ez zen horrelakorik gertatu, 7 puntuko abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira, 40-33, gehiago izan behar zuenaren sentsazioarekin.
Atsedenalditik bueltan 0-6ko partziala Rodamientos Ariztirentzat, zarauztarrak lo utzi zituen atsedenaldiak, puntu bakarrera, partidu berri bat, hautsi ezin eta langile jantzia soinean jarri eta berriro ere garaipenaren alde lan egin behar. Hori aritu ziren laurden osoa markagailuko soka luzatzen zarauztarrak eta gasteiztarrak luzapen hori murritzen. Laurden amaieran, 54-49.
10 minutu, 5 puntu, bazirudien laugarren jardunaldiz jarraian sufritzea tokatuko zitzaiela Ulacia Grupoko kideei, emozioa nagusi izan zen lehen hiru jardunaldietan eta ezin bestela izan laugarrenean ere. 7-8-9 puntuko abantaila alde zutela ibili ziren zarauztarrak azken bi minutuak iritsi bitartean. Gasteiztarrak ez ziren makal ibili hiruko marratik eta garaipenaren bila burubelarri joan ziren arma hori erabiliz eta urduritasuna zabalduz Aritzbataldeko harmailan zehar. Birritan lortu zuten 3ra murriztea desabantaila gasteiztarrek. Azken segunduetan bi jaurtiketa libre izan zituzten, lehenengoa sartu eta bigarrena huts egitera bota zuten ea errebotea hartu eta berdinketa lortzen zuten, baina errebotea Ulacia Grupok hartu eta Aitzol Eguskizaren saskiratzearekin amaitu zen partidua.
Laugarren jardunaldiz jarraian sufritzen, emozioz beteriko partidua, baina garaipena poltsikora. Momentutan joko maila oso ona erakutsiz, erraztasunez jokatuz, ideiak argi, baina besteetan, aldiz, jokoan ataskatuak, berekoi jokatuz eta defentsan ahul, baina lehiatzen badakite, ez dute amore ematen eta argi izan dezatela aurkariek, Ulacia Grupo garaitzeko ondo eta gogor egin beharko da lan 40 mintuetan, zarauztarrek ez baitute sekula, inoiz oparirik egingo!