Home ZAST

Urriak 20-21 kronika

Kolore guztitako emaitzak eta partiduak, taldeak badoaz euren lanean aurrerapausoak ematen.

<   >

Zast Neskak 57 – 26 Cafes Aitona Askatuak “B” / Senior Neskak 2.maila

Hasieratik bukaeraraino lan txukuna egin zuten neskek, etxeko lehen partiduan garaipena eskuratuz. Aurkariak partida osoa zonan defenditzen ibili arren, zarauztarrak pazientziarekin jokatuz ondo aritu ziren erasoko jokoan. Zenbait aste zeramatzaten zonaren aurkako erasoak lantzen eta honek bere fruituak izan zituen.

ZAST Zarautz ZKE “B” 55 - 78 Donosti Dolphins / Senior Mutilak 1.maila

Intentsitate faltak orokorrean, batez ere erreboterako orduan, partida hasieratik maldan gora jartzea ekarri zuen. Hirugarren eta laugarren laurdenean esparru horietan hobeto ibili arren, Donosti Dolphins taldeak ez zuen inolaz ere erraza jarri. Hala eta guztiz ere, sentsazio onekin amaitu ahal izan zuten partidua.

ZAST Zarautz ZKE 40 - 33 Ostadar S.K.T. “A” / Junior Neskak Errendimendu

Kostata irabazitako partidua. Orokorrean oso partida eskasa jokatu zuten bi taldeek, baina batez ere zarauztarrek. Erasoan oso trakets aritu ziren

CPK Kaldereria ISB 62 – 56 ZAST Zarautz ZKE  / Junior Mutilak Errendimendu

Asier Recondoren mutilek ezin izan zuten Azpeitian jokatutako partidua irabazi, atsedenaldira 9 puntu goitik iritsi arren. Partidaren bigarren zatian ez ziren eroso ibili eta partida irauli zuten aurkariek. Orokorrean, zarauztarrek ezin izan zuten euren erritmoa ezarri partida osoan zehar. Hala ere, partidaren amaieran bi hiruko garrantzitsu izan zituzten, baina ez zuten asmatu.

Easo Aballarri  54 – 38 Zast 2002 ZKE / Junior Mutilak Partaidetza

Atsedenaldiaren ostean partida erabakita geratu zen; zarauztarrek lau puntu baino ez zituzten saskiratu. Lehen eta laugarren laurdenak parekatuak izan arren, ezin izan zuten gerturatu. Intentsitate maila nahiko antzekoa izan zen bai aurkariarena eta baita zarauztarrena ere, hirugarren laurdenean eskasagoa izan zen arren.

ZAST 2003 62 - 56 ISB No + vello / Kadete Neskak Partaidetza

Partida gogorra aurreikusten zen Iraurgiren aurka. Intentsitate handikoa izan zen, eta oro har, defentsa gogor eta eraso azkarrekoa. Atsedenaldira parekatuta iritsi arren, hirugarren laurdenean zarauztarren defentsa eta kontraerasoa erabakiorrak izan ziren.

TAKE Iurre Taberna 48 – 32 ZAST Orio / Kadete Mutilak Partaidetza

Lehenengo zatian defentsa kaxkar baten ondoren abantaila eskuratu zuen TAKEk, eta bigarren zatian defentsarako trantsizio ezak garaipena eskuratzeko aukera kendu zien Javiren mutilei. Defentsako errebotean hobekuntzak ikusi ziren, baina oraindik kontzeptu batzuk lantzeke dituzte.

ZAST Zarautz ZKE 63-59 BKL Murumendi / Kadete Mutilak Errendimendu

Denboraldiko lehen garaipena Oraitz, Juanma eta Nikoren taldearentzat. Beasaindarrek partidu trabatua jokatu nahi izan zuten, 40 minutuz 2-3 zonakako defentsa batekin defendatuz, norbanako defentsa erabili zuten minutu gutxietan zarauztarrek abantaila polita eskuratu eta horri eutsi zioten partidu osoan zehar. Aipagarriena jokalari guztiek, denek jarri zutela euren aletxoa taldeak denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko.

ZAST 2004 41 – 48 Hernani K.E. / Kadete Mutilak Partaidetza

Pablok espero moduan, parekatua izan da hasieratik amaierara arte. 1.zatian zarauztarrak nagusi izan ziren kanpoko jaurtiketan txukun ibiliz, baina defentsan asmatu beharra zegoen markagailuan aldea lortzeko, eta ez zen hala izan. 2. zatian jada saskiratzeak ez ziren hain erraz lortzen, eta garaipena Hernanira joan zen.

Ordizia K.E. 52 – 37 ZAST Zarautz ZKE / Infantil Neskak Errendimendu

Beñaten neskek ezin izan zuten garaipena eskuratu ordiziarren aurka, partidu hasiera kaskarra egin eta gero. 14 eta 4ko partzialarekin hasi ziren, defentsako akats eta arreta faltekin. Horri buelta eman arren hirugarren laurdenean ere txakalaldia izan zuten, eta partidua hautsi zuten etxekoek. Dena dela, partida gehiagotako arazo berarekin aurkitu da taldea: partida hasiera traketsak, kontzentrazio arazoak, 40 minutu txukun egiteko arazoak…

Hala ere, hobetzeko denbora izango dute gure neskek, datozen bi asteetan ez baitute partidarik jolastuko.

Mondragon Unibertsitatea A  52 – 37 ZAST Zarautz ZKE / Infantil Mutilak Errendimendu

Lehen zatian gauzak ondo egin eta atsedenaldira markagailua berdinduta iritsi ziren Mikelen mutilak, baina bigarren zatian erabaki txarrak hartu izanak markagailuan aldea ireki zuen. Hortik aurrera besoak jeitsi zituzten zarauztarrek. Partidua fisikoak markatu zuela dio Mikelek, baina lehen zatian taldeak gauzak oso ondo egin zituela eta pozgarria dela.

ZAST 2005 48 – 34 ZAST La Salle 2005 / Infantil Neskak Handi Partaidetza

Partida parekatsua izango zela aurreikusi zuten bi entrenatzaileek; Oihane Lekuonak eta Aitor Segurak hurrenez hurren. Eta hala izan zen lehen hiru laurdenetan, neskek motibazio handiz jokatu zuten. Laugarren laurdenera berdinduta iritsi ziren, eta Oihaneren taldeak egindako defentsa gogorra medio, 16 eta 3ko partziala lortu zuten, erabakiorra izan zena. Dena dela, errespetua eta laguntasuna gailendu zen, noski, kuadrila eguna zen eta!

 

Astigarraga Mundarro “2” 33 - 47  ZAST 2005 / Infantil Mutilak Handi Partaidetza

Etxetik kanpo garaipena eskuratu zuten 2005eko mutilek. Espero baino partidu errazagoa aurreikusten zuen Gaizkak, baina defentsan intentsitatearekin eta erasoan buruarekin jokatzen ez denean zaila izaten da partida kontrolatzea. Dena dela, bat baten aurkakoan gailendu eta errebetoan nagusitu izanak partida zarauztarrek irabaztea ekarri zuen.

 

Ostadar S.K.T. Txiki 16  – 64 ZAST La Salle 2006 / Infantil Neskak Txiki Partaidetza

Lehen laurdenean apurtu zen partida; bai erasoan eta baita defentsan ere nagusitasunez gailendu zitzaien zarauztarrak Lasarteko OSTADAR taldeari. Lapurketa asko egin zituzten, eta errebotean ere txukun. Hortaz, garaipen erraza.

EKINTZA ATCOSS GBC txiki 29 –  30 ZAST 2006 / Infantil Mutilak Txiki Partaidetza

Victorrek entrenatzen duen taldeak justu-justu lortu zuen garaipena Donostian jokatu zen partidan. Hirugarren laurdena 12 punturengatik irabazten amaitu arren, amaieran sufritu beharra etorri zen. Bi minutu faltan 8 gora zihoazen, baina 7 eta hutseko partzial batek tentsioa ezarri zuen partiduan. Hala ere, garrantzitsuena taldeko jokalari guztiek egindako taldeko lana.

 

AURREKOA    HURRENGOA