Home ZAST

Oztopoak oztopo, jokalarietaz harro

Atletico San Sebastiani bisita egin zion Ulacia Grupok, baja askorekin, baina lehiatzeko asmo sendoarekin. Luzapenean ihes egin zion behatz puntekin ukitutako hirugarren garaipenak.

<   >

Ostiralean Jokin Collantesek argi adierazi zien jokalariei, denboraldiko partidurik zailena izango dugu, bai gure egoeragatik eta baita aurrean izango dugun aurkariagatik ere. Panorama ez zen xamurra. Lehen taldeko sei jokalari zeuden jokatzeko prest, gaixotasun, lesio eta konpromezuak medio, bigarren taldeko jokalariak deitu behar deialdia osatzeko. Baina denboraldi hasierako itxura eta lan onak bultzatuta gogotsu eta ilusioarekin iristen ziren Donostiara Ulacia Grupoko jokalariak, balentria lortuz hirugarren garaipena erreskadan eskuratzeko nahiarekin.

Lehiatu, lehiatu eta lehiatu, barrena hustu, dena eman, azken izerdi tanta izerditu. Horiek ziren partidu gakoak eta helburuak. Lan onak ematen duen konfiantzarekin zelairatu ziren Jokin Collantesen mutilak eta konfiantza hori joko onean islatu zen, erritmo bizia eta zarauztarrak jaun eta jabe, lehen minutuetan 3-10 aurreratuta. Gero gauzak parekatzen joan ziren eta lehen laurdena amaitzerako 4 puntuko abantaila Ulacia Gruporentzat, 18-22. Olatuaren gainean jarraitu zuten surflari onenen gisa bigarren laurdenean ere, 11 puntuko aldea ere izan zuten alde (22-33 6. Minutuan), baina donostiarrak goikaldean zergatik dauden argi erakutsi eta bultzadaz bultzada lortu zuten atsedenaldiko desabantaila 6 puntura murriztea, 31-37.

Lehen zatian jaun eta jabe, baina bigarrengoan nekeak eta akatsek Atletico San Sebastian partidua iraultzera eraman zuten, Jokin Collantesek hala azaldu zigun: “Partidu berdindu eta gogorra beste behin ere, denboraldian hirugarrenez. Bi zati ezberdin ikusi ditugula pentsatzen dut, lehenengoan partiduko erritmoa guk kontrolatu dugu erabat, defentsan nagusituz eta erasoan aukera onak bilatuz. Bigarrenean aldiz, beraiek intentsitate maila igo dute eta ez gara hain fin ibili erasoan, defentsan ere akats batzuk egin ditugu, 3.laurdenean batez ere, lortutako abantaila galtzera eraman gaituztenak. Luzapenera ez iristeko jaurtiketa libre bat izan dugu alde eta luzapenean berdinketa apurtu eta garaipena eskuratzeko azken eraso bat ere, baina gaurkoan ez dugu asmatu”.

Kolpeak kolpe, oztopoak oztopo, Ulacia Grupoko gerlariek ez zuten momentu bakar batean ere amore eman. Jokalarien jardunari ezin aitzakiarik eman, zelairatu zen bakoitzak jarri zuen bere alea, taldearen alde borrokatu zuen. 3 minuturen falta 7 puntuko abantaila eskuratu zuten donostiarrek, bazirudien ordu arte arraun egin eta itsasertzera iritsi gabe geratuko zirela zarauztarrak. Baina orduan euren adorea, indarra eta grina zelairatu eta markagailua iraultzea lortu zuten azken minutuan sartzerako. Baina azkenean berdinketa eta luzapenera. Nekeak gainditu, energiaz bete eta beste bost minututan lehia gogorra, lehia estua, abantailak eta puntuak elkarbanatzen, kolpeka bi taldeak, azken eraso bat garaipena eskuratzeko, baina Atleticok azken segunduko bi jaurtiketa libreei esker garaipena eskuratu zuen.

Zerbait azpimarratzekotan, Jokin Collantesek jokalariek egindako lana azpimarratzen du: “oso gustora nago jokalariek egin duten lanarekin. Ez gara egoerarik onenean joan partidura, lehen taldeko 6 jokalari geneuzkan eta bigarren taldeko Aaron Centeno eta Pablo Elolaren laguntza izan dugu. Denek eman dute aurrera urrats bat taldeari laguntzeko, esfortzu maila limitera eramanez eta hau gertatzen denean jokalariak zoriontzea beste biderik ez dut ikusten. Taldeak beste behin amore ez emateko gaitasuna duela erakutsi dit, geunden egoeran eta 3 minutu faltan 7 puntuko aldea lortu dutenean aurkariek, beraien buruan eta gaitasunean sinisten jarraitu dute partidua ia irauli arte. Lanerako jarrera hau mantentzen badute, ziur nago aurrerantzean garaipenen saria gertu izaten jarraituko dugula”.

Eta asteburu honetan ligak aurrera darrai. Ohiko ordutegitik kanpo, larunbatean iluntzeko 20:30etan jokatuko du Ulacia Grupok Aritzbatalden etxeko bigarren partidua. Aurkaria, Rodamientos Arizti gasteiztarrak. Esfortzua txalotu dezagun, taldearekin bat egin dezagun, hirugarrena lortzen lagundu dezagun. Larunbatean denok Aritzbataldera!

AURREKOA    HURRENGOA