Denboraldi berria, erronka berria, entrenatzaile berria. Ulacia Grupok larunbatean hasi zuen 2018/2019 denboraldia Beasainen. Gipuzkoar derbia Gizonezkoen Lehen Mailako ibiliari ekiteko. Taldean berrikuntza askorik ez, baina bai nagusi bat, aulkian debutari Jokin Collantes, urtetan taldeko bigarren entrenatzaile izanda aurtengoan taldearen ardura hartzeko aukera iritsi zaio eta gogotsu eta ilusioarekin ekin dio bideari entrenatzaile zarauztarrak.
Lehen partiduan Xabier Chicok zuzentzen duen Arri BKLri bisita egin behar. Antzizar Kiroldegiko harmailak lepo, jendea saskibaloi gosearekin eta euren taldea garaipenaren bidean jartzeko asmoarekin, giro ederra, derbi giroa, ez zen erraza izango garaipena eskuratzea.
Partidu parekatua, xehetasun txikiek erabakitakoa, izerdia eta lana majo egin behar izan zuten bi taldeek. Jokinek partiduaren berdintasuna azpimarratu zuen: “espero bezala partida oso parekatu eta gogorra izan da, bagenekien BKL jokalari onez osatutako taldea dela, urte asko batera jokatzen daramate, eta zaletuen aldetik duten babes handiak talde oso lehiakorra bihurtzen dute. Amaiera arte oso berdinduta joan da partidua, baño txanpona gure aldera erortzea lortu dugu”.
Lehen bi laurdenetan Arri BKLk jaurtiketa portzentai oso altua izan zuen, jaurtiketa garbiak lortu eta horietariko askok saskia topatu zuten, horren erakusgarri partiduko lehen lau saskiratzeak hiruko marratik haratago lortzen zituztela. Zarauztarrek talde lanean oinarritu zuten euren jokoa, saskirako bidea topatzen zuten, baina nahi baino gehiago huts egin zuten, baina argi erakutsi zuten joko honetara jokatzen badakitela eta ondo gainera.
Ulacia Grupoko entrenatzaileak argi dauka Arri BKLk bigarren laurdenean lortutako 10 puntuko alde hori atsedenaldiaren aurretik murriztu izanean egon zela: “partiduko gakoa agian 2.laurdenaren azken minutuetan egon da, non beraiek 10 puntuko abantaila lortu ondoren taldeak lanean jarraitu eta atsedenaldira 2 puntutara murriztea lortu duen. Beasaindarrak asko asmatu dute kanpoko jaurtiketetan lehen zatian zehar eta partidua eskuetatik ihes egiteko arriskua izan dugu une horretan”.
Lehen hogei minutu parekatuen ostean, emozioz beteriko bigarren zati bat genuen aurretik. Zarauztarrek bereari eutsi zioten, talde joko ona, aurredenboraldian landutakoari zukua atera eta erasoan ideia argiekin jarraitu zuten, baina saskia zulatzea kosta. Defentsan ipurdia jaitsi eta ajuste batzuk eginda beasaindarren saskiratze bideak mugatuta garaipenerako bidea hartu zuten zarauztarrek. Nahiz eta azken minutuetan Arri BKL 4 puntuko abantaila eskuratu, 0-5ko partzial bati esker denboraldiko lehen garaipena Ulacia Gruporentzat.
Jokin Collantes pozik agertu zen garaipenarekin, baina, batez ere jokalariek zelaian izandako jarreragatik: “gehien gustatu zaidana momentu zailetan jokalariek burua hotz mantentzea lortu dutela izan da. Azken denboraldiak ez dira errazenak izan beraientzat emaitza aldetik eta markagailuan atzetik egon garenean 2.laurdenean edo 3 minutu faltan 66-62koarekin, amore eman beharrean, kontzentrazioa mantendu eta pausu bat aurrera emateko gai izan dira, garaipen gogoa zutela erakutsi didate”.
Hasiera ezin hobea, orain garaipenaren bidea jarraipena emateko igandean denboraldiko bigarren zita izango du Ulacia Grupok, 18:00tatik aurrera Universidad de Deustu taldea izango dute aurkari etxeko lehen partiduan, Aritzbatalden.