Home ZAST

Urriak 6-7ko jardunaldia

Denboraldiak martxan jarraitzen du, aurreko asteburuan 9 partidu jokatu dituzte ZASTeko taldeek eta 5 garaipen eta 4 porrot jasan dituzte. Hona hemen asteburuak emandakoaren kronikatxoa.

<   >

Senior gizonezkoen bigarren taldeak denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen DKS talde donostiarraren aurka, 59-67 irabazita. Lehen garaipena dute etxetik kanpo, eta horrela 2-2 jarri dira sailkapenean. Senior gizonezkoen C taldeak aldiz ez du oraindik garaipenik ezagutzen; Enara Zorita, Iker Pikatza eta Unai Martinezen taldeak 56-20 galdu zuen larunbatean Antigua Luberriren aurka.

 

Junior gizonezkoen errendimenduko taldea bide onetik doa; hiru garaipen daramatza orain arte jokatutako hiru partideetan. Lehen laurden berdindu baten ondoren nagusitasunez gailendu zitzaion Asier Recondoren taldea Oiarsori, 78 eta 44. Ea berdin jarraitzen duten. Bestalde, nesken errendimenduko taldeak hatzekin ikutu zuen garaipena EASO BANKOAren aurka Donostian jokatutako partidan. Partida guztia aurretik joan arren, azken minutuetan Borja Valorren neskek ezin izan zuten garaipena eskuratu. 66 eta 56 galdu zuten.

 

Errendimenduko kadete mutilen taldeak denboraldiko bigarren porrota erdietsi zuen Tolosan jokatutako partiduan. Nahiz eta Oraitzen mutilak 0-4 aurretik jarri ziren partidua hasi eta berehala, Redline Mekanika TAKEk bere motorra martxan jarri eta partiduaren jaun eta jabe izan ziren, aitzakiarik gabeko porrota, ligako talde indartsuenaren aurka.

 

Errendimenduzko kadete neskek garaipen garrantzitsua eskuratu zuten Donostian jokatutako partidan, EASO ARRITXULOren aurka. Bi taldeak ez ziren fin ibili saskira begira, eta hala islatzen du markagailuak: 34-38. Garaipen bat gehiago zarauztarrentzat, eta oraingoz, lautik lau. Ea horrela jarraitzen duten. Bestalde, nesken partaidetzako taldeak aurreratutako partida jolastu eta irabazi zuten pasa den larunbatean. Talde zarauztarra 56 eta 44 gailendu zitzaion hasiera batean talde hobea ematen zuen Ordiziari. Lehen laurdenean sufrituta ere, ondorengo hiruretan partida irauli zuten defentsan fin ibiliz.

 

Lehen partida zuten ZAST-en sartu berri diren 2006ko infantil mutilek, eta nabaria zen ilusioa eta urduritasuna hauen artean. Partida ikusgarria jokatu zuten bai Zarautzek eta baita LARRAMENDI ATCOSS GBCk ere, berditasuna nagusitu zen. Bi luzapenen ostean etxeko taldeak eraman zuen garaipena, 57 eta 49 gailenduta. 2005eko infantil neskek ere aurtengo lehen partida jokatu zuten DECORAMIK ISBren aurka, Azpeitian. Oihane Lekuonaren taldeak ezin izan zuen garaipena erdietsi, 37 eta 23 galdu baitzuten.

AURREKOA    HURRENGOA