Home ZAST

Junior mutilak Gipuzkoako txapeldun!

Igandean jokatutako finalean, Easo Begitek taldea mendean hartu zuten ZASTeko jokalariek

<   >

Ostiralean eta larunbatean finalerdiak jokatu zituzten infantil neskek eta senior mutilek, guztiek ere igandean finalak jokatu nahian. Baina ez zen posible izan. Ordizian galdu zuten Orioko infantil neskek ostiralean, eta, zarauztarrek, larunbatean Aretxabaletan LEK Areskoren kontra.

Larunbat arratsaldean, berriz, Iturripen etxeko taldeak, Ointxe Alkidebak, mendean hartu zuen senior mutilen taldea.

Gauzak horrela, igandean junior mutilen finala baino ez zitzaigun geratzen Gipuzkoako txapeldun izateko. Hitzordua 13:30ean zegoen jarrita Gaska kiroldegian, Donostian. Atarikoan Joannes Gonzalez de Txabarri entrenatzaileak partida berdindua aurreikusten zuen, nahiz eta liga erregularrean bi partidak galdu zituzten.

Baina zarauztarrak serio irten ziren pistara. Partida hasieratik uztaipeko jokalarien lana izan zen nabarmentzekoa, batez ere Imanol Artetxe kadetearena. Saskipean asmatuz, aurkariak faltekin kargatuz eta defentsan lan aparta eginaz. Guztira 16 errebote pilatu zituen pibot zarauztarrak eta txapel bat baino gehiago ere jarri zuen.

Aurkariek kanpotik gehiago asmatu zuten eta barnekaldietan min egiten zieten zarauztarrei. Baina haiek faltekin kargatzen hasi ziren oso goiz, nahiz eta zarauztarrek jaurtiketa libreko marratik zigortzen asmatu ez.

Erasoan huts dezente egin arren, bigarren aukera asko izan zituzten ZASTekoek, erasoko errebotean ongi aritu zirelako. Hala, atsedenaldira 30-33 aurretik joan ziren aldagelara.

Alde txikiekin jarraitu zuten bi taldeek, eta erritmoa nabarmen jaitsi zen. Nekeak akatsak areagotu zituen eta markagailuan nabaritu zen hori. Puntu gutxiko partida izango zela ikusten zen. Zarauztarrek geroz eta arazo gehiago zituzten faltekin, baina, baita Easoko mutilek ere. Hala, hegaleko jokalariak ari ziren faltez kargatzen eta zarauztarrek barneko jokalariekin lanean jarraitu zuten.

Fisikoki zuten aldea baliatuz, pixkanaka partida beren aldera eraman zuten eta bukaeran gozatzeko aukera izan zuten, jokalari guztiek minutuak izan zituztelarik, baita finalera laguntzera joandako kadeteek ere. Bukaeran 52-58 zarauztarrak garaile eta Gipuzkoako txapeldun! Zorionak mutilak!

Eskolarteko finala
Larunbatean jokatu zen LH6ko mutilen finala. Zintzilik zegoen norgehiagoka Antoniano kiroldegian jokatu zuten Gora gu ta gutarrak eta Orioko Ikastolako taldeek. Zarauztarrak garaile izan ziren partidan, lehen erdian oriotarrek eutsi zieten ahal bezala, baina pixkanaka tartea zabalduz joan zen Salbatore Mitxelena ikastolako taldea.

Bukaeran, 39-57 Gora gu ta gutarrak taldea garaile. Bejondeiela!

AURREKOA    HURRENGOA