Home ZAST

Asteburuan lau talde izango dira lauko finaletan

Senior mutilak, junior mutilak eta infantil txiki mailako nesken bi talde izango ditugu lehian asteburuan

<   >

Urte guztian egindako lan onari ginda jarri nahi diete gure taldeek asteburuan. Egindako esfortzuaren saritan, finalak jokatzeo aukera izango dute gure lau taldek.

INFANTIL NESKAK
Goiztiarrenak infantil txiki mailako neskak izango dira. Lauko final berean izango dira Orioko eta Zarauzko 2005eko taldeak. Jokatzen lehenak oriotarrak izango dira, 18:30ean, Ordizian izango den norgehiagokan.

Lourdes Sarasuaren taldeak ozta-ozta eskuratu du lauko finalerako txartela. Lehen itzuli ona eginda, bigarren erdian lesiok tarteko gorabehera ugari izan dute. Hala, multzoko liderraren etxean jokatu beharko dute oriotarrek, eta ez dute samurra izango garaipena eskuratzea. Dutena ematen saiatuko dira.

Larunbatean zarauztarren txanda izango da, Aretxabaletan, 9:30ean. Beñat Jauregik entrenatzen duen taldea hirugarrena izan da liga erregularrean. Ordiziarekin batera LEK Aresko guztien gainetik izan da nabarmen, denboraldian bi norgehiagoka baino galdu ez duten arren. Bi partidak galdu dituzte zarauztarrek haien kontra: joanekoan 10 puntuz galdu zuten hiru laurden txukun jokatu eta gero, eta, itzulerakoan, 26 puntuz.

Bi jokalari oso on dituzte debagoienakoek, baina zarauztarrek beren zentimetroak baliatu nahi dituzte partida aurrera atera ahal izateko. Taldea fisikoki indartsu iritsi da une honetara eta lauko finalerako motibazio handia dute. Presiorik gabe, denboraldi hasieran espero ez zuten tokian daudela gozatuz sorpresa ematea da haien nahia,

Gure taldeek irabaziz gero, finala igandean izango da, 12:30ean, Ordizian.

SENIOR MUTILAK (Oraitz Garcia entrenatzailearen atarikoa)
Gaur goizean Ointxe-Arrasateren txio kurioso batekin esnatu gara: Bazatoz domekan Gaskara gurekin Alkideba Ointxe taldea animatzera? Harrituta utzi nau txioak, pentsatu baitut, aurkaria menperatuko dutela hain ziur al daude? Ez al da finalerdi bat jokatu behar? Ez al dute oroitzen Arrasaten jokatutako partiduan garaile irten ginela euren finalerdiko aurkari izango garen zarauztarrak?

Hori irakurri eta gogotsuago nago larunbateko partidua jokatzeko. Guk ez dugu presiorik, mezua argia da eta hala helarazi diogu jokalariei, gozatzeko unea da, lortutakoaz gozatu eta dena emateko momentua, sari bat da lauko finalean egotea, izerdia majo bota ostean lortutako saria. Eurak dira faborito, bai hori ez dugu zalantzan jarri, baina hortik aurkaria mespretxatzea jauzi bat dagoelakoan nago. Zergatik ez dugu Iturripeko gotorlekuan oldartu eta balentria gauzatu?

Inork gutxi espero zuen gu hemen izatea, beste talde askoren hautagaitza zegoen gurearen gainetik. Gure mailan apostu etxeak egongo balira, ziur kuota polita izango genuela denboraldi hasieran. Baina jokalarien esfortzu eta lanak bere saria izan du, lauko finalean egoteko saria. Oztopoz beteriko bidea izan dugu aurretik, lesioak, entrenatzeko jende falta... baina horiek guztiak gainditu eta finalerdietarako txartela eskuratu du taldeak. Ametsa zena errealitate bihurtu dute asteroko lanarekin, momentu zailetan aurrerapauso bat emanez, beraiek ere nahiko sinesgaitz ziren hasieran, baina partiduz partidu sinesten joan eta edozer dela posible ikusi dute. Zorionak  mutilak!

Gogoan geratuko zaizkigu denboraldiko lehenengo partidua, lehen itzuliaren amaiera aldera lorturiko garaipen sorta jarrain, Donosti Dolphins momentu hartako liderraren aurka Antonianotan jokatutako partidu bikaina eta hurrengo jardunaldian Alkideba Ointxe liderra Arrasaten garaitu genuenekoa eta Azpeitian lauko finalerako txartel erdia erosi genuenekoa.

Eta iritsi da lortutakoaz gozatzeko momentua, gozatu bai, baina ezerri muzin egin gabe. Azken bi asteotan lan polita egin du taldeak, azken saioan erasoan erraz aritu zen, nahiz eta defentsa intentsitate puntu bat falta. Ideiak argi dituzte jokalariek eta badakit larunbatean mailarik onena emango dutela.

Parean ligako txapelduna, erraztasunarekin lortu du lehen postua, baina erakutsi genuen denboraldian zehar ere ez dela garaitezina. Guk sinesten dugu egiten ari garenean, sinesten dugu jokatzen dugun saskibaloiean, sinesten dugu defentsarako dugu gaitasunean eta batez ere sinesten dugu ditugun jokalariengan eta badakigu dena emango dutela eta ez dutela momentu bakar batean amore emango. Beraz, zergatik ez gara gu izango igandean Gaskara joango garenak?

JUNIOR MUTILAK
Aurreko astean finalerdia irabazita, igandean, 13:30ean, Gaska kiroldegian jokatuko dute finala zarauztarrek. Etxeko taldea izango dute parean, Easo Begitek, baina garaipen gosez iritsiko dira jokalariak. Azterketa garaian murgilduta, taldeak ez du baldintzarik onenetan prestatzeko aukerarik izan, baina esperantza dute txapeldun izateko.

Denboraldian zehar jokatutako bi partidetan 15 puntu inguruko aldeagatik galdu arren, finala parekatua izango dela espero du Joannes Gonzalez de Txabarri entrenatzaileak. Taldeko zazpi jokalariez gain, Euskal Ligako kadeteen laguntza izango du taldeak. Ea irabazteko moduan diren!

ESKOLARTEKO MINI MUTILAK
Seigarren mailako mutilen finala geratu zen zintzilik eta larunbat honetan, 10:00etan jokatuko da finala Antoniano kiroldegian. Parean, Gora gu ta gutarrak (Salbatore MItxelena Ikastola) eta Orioko Ikastola izango dira. Ea dena ongi joaten den eta final polita ikusteko moduan garen!

ERRENDIMENDUKO INFANTIL NESKAK, AZKEN TXANPAN
Igandean, goizeko 10:45ean, Urretxuko Aldiri kiroldegian jokatuko dute gure errendimenduko infantil neskek. Denboraldia amaitzeko bi jardunaldi geratzen zaizkie eta garaipen batekin sailkapeneko lehen postua ziurtatuko dute. Aurrean talde sendoa izango dute, Goierri. Elkarren kontra jokatu zuten azkeneko partidan ZASTeko neskek gogor lan egin behar izan zuten garaipena etxera ekartzeko. Ea bide horretatik irabazten duten.

AURREKOA    HURRENGOA