Home ZAST

Garaipenetik garaipenera dabiltza errendimenduko infantil neskak

Arrasaten gailendu eta gero, Hondarribiaren kontra irabazi zuten igande honetan Zarautzen.

<   >

Atarikoan aurreratu genuen moduan, azken segunduora arte pil-pilean egon zen norgehiagoka ikusteko aukera izan genuen pasa den igandean Zarauzko Antoniano kiroldegian.

Partidari gogor ekin zion etxeko taldeak 9-2ko partzial bat eginaz. Defentsan serio, aurkarien trantsizioak oztopatuz eta, erasoan, bat baten aurkako egoerez baliatuz, markagailuan zortzi puntuko aldea ezartzea lortu zuten lehen laurdenaren amaieran:16-8.

Bigarren laurdenak joan etorri asko izan zituen. Ikasbasketek defentsako sistema aldatu zuen eta horrek zarauztarren erasoan zenbait zalantza sortu zituen. Atsedenaldian abantaila mantendu zuten etxekoek, 30-22.

Hirugarren laurdenetik aurrera, partidua lehia taktiko batean bilakatu zen. Hutsuneak aurkitzea geroz eta zailagoa zen, beraz pazientziarekin jokatzean zegoen gakoa.

Azken laurdenari 36-31 ekin zioten. Bi taldeek saskiratzeak lortu zituzten lehen minutuetan, markagailuan zegoen aldea mantenduz. Baina partidari amaiera emateko bi minutu falta zirela Ikasbasketeko neskek bi hiruko jarraian sartuta puntu bakar batera jartzea lortu zuten.

Partida gori-gori jarri zen azken minutuetan, emozioz betea. Aurtengo denboraldian zenbaitetan aurkitu dira gure infantilak horrelako egoeran eta, agian, ez dute beti modurik egokienean jokatzen jakin. Ondorioz, hobekuntzako prozesuan aurrerapauso bat emateko abagunea zuten. Esan eta egin. Egoera zein zen garbi ikusita, pazientziaz jokatzea erabaki eta baloia ondo mugituz, 10 segundoren faltan Mireia Askargortaren hiruko saskiratzearekin garaipena etxean geratu zen, 51-49.

Saskibaloi erakustaldi bikaina eskaini ziguten bi taldeek. Gure nesken kemenak eta irabazteko grinak eragin zuen denboraldi honetan garaipen bat gehiago lortzea.

Datorren astean Urretxura egingo dute bisita. Partida gogorra espero dute, baina, azken boladako maila mantenduz gero, garaipenetik oso gertu izango dira. Horretarako lanean jarraituko dute! Aupa neskak, 123 Zast!!

AURREKOA    HURRENGOA