Home ZAST

Ulacia Grupok egin du aurtengo azken bidaia

Burgosen jokatu zuten denboraldiko azken partida eta ezin izan zuten aurreko asteko lana borobildu.

<   >

Urtea garaipenarekin bukatu nahi zuten Ulacia Grupoko mutilek, baina ezin izan zuten nahi bezala amaitu. Burgosera egindako bidaian, zailtasun asko zituzten beren baitan eta porrota jasan zuten Iñaki Jimenezenek.

Zortzi jokalari baino ez zituen izan erabilgarri ZASTeko entrenatzaileak eta horrek eragin zuen jokoan. Horrez gainera, Burgoseko barruko jokalariek beren ekarpena egin zuten eta min handia egin zuten denen artean. Izan ere portzentajeetan alde handia izan zen bi taldeen artean.

Lehen laurdenetik argi geratu zen Burgosko taldea ez zela denborapasan irten kantxara. Erritmo ona ezarri eta uztaiari begira fin ibili ziren, 28-16ko partziala eginda. Tarte handiegia lehen laurdenetik garaipena Zarautz aldera eramateko.

Bigarren laurdena berdinduagoa izan zen, eta partziala kanpokoentzat izan zen. Gure mutilek ez zuten amorerik eman nahi, baina 10 puntuko desabantaila zuten bigarren erdiari aurre egiteko.

Hala, aldagelatik berriz ere etxekoak finago irten ziren kantxara eta zarauztarrek laurdenik kaskarrena jokatu zuten, 9 puntu baino ez zituztelarik saskiratu. Partidan zehar hiruko marratik urrunago saiatu arren, ez zuten askorik asmatu eta barrutik puntuak pilatzea kosta egiten zen Burgoskoen gaitasun fisikoaren aurrean.

Dena dela, ez zuten etsi nahi eta, azken laurdenean, desabantaila nabarmena izan arren, berriz ere partziala beren alde izan zuten Ulacia Grupokoek. Bukaeran 73-58, hemen duzue estatistika.

Gauzak horrela denboraldia bukatutzat eman dute zarauztarrek, 6 garaipen eta 24 porroteko balantzearekin. Partida askotan gehiago merezi arren, EBA Ligan ez dago barkatzerik. Eta, pena handiz bada ere, maila galdu dute. Inoiz baina zailagoa zegoen mantentzea, eta ezin izan dute lortu.

Udak esango du datorren urtean non arituko diren gure mutilak. Emaitzak emaitza, lan txukuna egin dute. Bejondeiela!

AURREKOA    HURRENGOA