Show must go on!
Jarrai dezala ikuskizunak. Larunbateko partidua hori izan baitzen, jokalariek oparitutako ikuskizun bat, hala aipatu didate partidua ikusten egondakoek, ikusteko polita, alternatiba askokoa eta puntu kopuru handikoa. Ez da ohikoa izaten Gipuzkoako Senior Mutilen Lehen Mailan partiduak 84-75 amaitzea.
Partidu zaila, liderra baitzetorren bisitan, horretaz gain, aurreko jardunaldian Oñatin jasotako kolpeak jokalariengan eragina izango ote zuen edo ez ikusteke zegoen. Bagenion beldurra partiduari, baina zelairatutako hamar jokalariek ezin hobeto erantzun zioten erronkari eta mahaian kolpe bat eman zuten, esanez Zarautzek aurtengoan zerbait polita egin eta zeresana izan nahi du ligan.
Erasoan fin aritu zen taldea, nahiz eta Donosti Dolphinsek planteaturiko 3-2 zonakako defentsak askotan taldea eroso ez egotea eraman zuen, baina portzentai onak eta konfiantza izan zituen, horren erakusle sartutako 9 hirukoak. Iñigo Ruiz eta Jon Sanz izan ziren erasoko jokoaren itsasargi 27 eta 19 puntu sartuta hurrenez hurren, baina denon lana izan zen ezinbestekoa, denek izan zuten euren momentua, Paulek, Arruk, Imanolek, Koldok, Pablok, Sayak, Oierrek eta Garayarrek. Denek jarri zuten euren aletxoa garaipen garrantzitsu hau eraikitzerakoan. Azpimarratzekoa atzean, defentsan egindako lana, lehen laurdenean kosta zitzaien donostiarrei zirrikituak aurkitzea, gero kanpoko jaurtiketa lagun lortu zuten partidua iraultzea. Lehen laurdeneko abantaila galduta kolpeka joan ziren hurrengo 30 minutuak. Baina erori ez eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuen taldeak.
Igande honetan ligako liderrari bisita egin behar diogu, erronka gogorra, Aritzbatalden jokatutako partiduan taldeak begietara begiratu zion Alkideba Ointxe taldeari baina arrasatearren 12 hirukoek min asko egin ziguten. Taldea lan fina egiten ari da eta goiko postuetan mantendu eta mahaian bigarren kolpea jarraian emateko ilusioarekin zelairatuko da. Ezer ez dago ezinezkoa.
Denboraldia hasi genuenean edozein lekutan sinatuko genuke ligako 15. jardunaldian hirugarren postuan egotea, baina ez gaitzala horrek itsutu, entrenamenduz entrenamendu, partiduz partidu jarraitu behar dugu eta saskibaloiak esango digu zein den gure lekua denboraldi amaieran, baina argi daukat bide beretik jarraituta, jarrera berdinarekin eta lanerako grin berberarekin taldea lauko finalaz gozatzeko aukera izango dugula. Segi dezagun lanean aurrera! Jarrai dezala ikuskizunak!