Lehena 2004. urtean, Santi Garateren eskutik sortutako www.inurris.com izan zen. Izugarrizko arrakasta zuen bai barruan zituen blogei esker, baita erabiltzaileek foroetan izaten zuten aktibitateari esker ere.
Ondoren Danel Agirre, Eneko Arregi eta Ugaitz Urienek www.zast.es garatu zuten. 2009an jarri zen sarean eta diseinuan aurrerapauso narbarmena eman zen. Komunikazio korporatiboak garrantzi gehiago eduki zuen eta kirol elkartearen kudeaketa errazten ere lagundu zuen. Baina, arlo digitalean aldakuntzak ziztu bizian ematen dira eta webgunearen berritze lanetan aritu dira ZASTen azken hilabeteetan.
Webgune berria sortzeko, Viskwit eta Sector04 izan ditu bidelagun ZASTek. Alberto Caballerok, Viskwiteko diseinatzaileak, bost urte inguru daramatza ZASTekin elkarlanean, lehendabizi 3x3an kolaboratzen eta azken urteotan Zarauzko saskibaloiaren nortasun irudia landuz.
ZASTen nortasun irudiaren restylinga honen ondorioz sortu da, besteak beste, logotipo berria eta jantzi berriak eginda. Webgunearen diseinua nortasun irudi eraberritu honen garapenean oinarritu da, irudi, kolore eta tipografiak zainduz, irudi bateratu bat eskainiz.
Sector04 berriz Errenteriako software ingeniaritza enpresa dugu, bai web garapenean eta bai mugikorrentzako aplikazioetan adituak eta arituak. Ivan Rodriguez proiektu-buru zarauztarraren hitzetan, ZASTeko eguneroko lana erraztuko duen eta komunikazio tresna ezinbestekoa izango den webgune eroso bat sortzen saiatu dira. Webguneak hainbat atal ditu, besteak beste ZAST Eskolari eta Eskola Kirolari zuzendutakoak eta, nola ez, 3x3ari lotutako atala.
Goza ezazu esperientziaz!