Home ZAST

URRIAK 15/16 KRONIKA

Asteburuan jokatutako partideen kronika

<   >

Lidertza sendotu duen Ulacia Zarautzen garaipen erosoa, 86-60ko emaitzarekin eta Gráficas Juaristi taldearen lehen porrota, 47-55, Logroño Maristas talde onarekin izandako lehian.


Zarauzko bi talde nagusien partidekin osatu zen igande arratsaldeko jardunaldia Aritzbatalde kiroldegian. Beñat Jauregik zuzendutako neskek Logroño Maristas taldea izan zuten aurkari lehendabiziko norgehiagokan. Bi taldeak partidarik galdu gabe zeuden igandera arte, eta, nahiz eta hasiera ona eman zion Gráficas Juaristi taldeak, 16-11 lehen laurdenean, ez zuten garaipenerako benetako abagunerik izan atsedenalditik aurrera.


Lesioek taldea kaltetua zuten partida hasi aurretik eta falta pertsonalen zama gehitu zitzaien, hala, Maristas taldea gehiago izan zen nabarmen partidan. Saskiari begira, Nora Danis izan zen puntu gehien pilatu zituena, 14 guztira, eta 9na puntu sartu zituzten Eider Castrok eta Leire Anautek.


Dena dela, izan duten denboraldi hasiera onari esker, laugarren daude sailkapenean zarauztarrak bi garaipen eta porrot bakarrarekin. Datorren astean, Zornotzara egingo dute bisita, bosgarren dira bizkaitarrak eta saskiratzeko gaitasun handia dutela erakutsi dute orain arteko hiru partidetan.


Mutilek garaipena


Emakumeen partidaren atzetik Ulacia Zarautzeko gizonena izan genuen Aritzbatalden. Mondragon Unibertsitatea izan zen bisitari zarautzen eta hasieran asmatu bazuten ere, atsedenaldirako 44-24ko emaitza ikus zitekeen markagailuan. Partidan lehiatu ziren jokalari guztiek sartu zuten punturen bat, Markel Mendiberen 17ak edota Aitzol Eguskitzaren 10 puntuak nabarmenduz. Azpimarra jarri behar da, halaber, bigarren taldeko Mikel Zubizarretak eta Pablo Elolak 9na puntu saskiratu zituztela eta lehen taldeari ekarpena egiteko nahikoa gaitasun badutela erakutsi dutela.


Ifrentzua jaurtiketa libreen marratik etorri zen, 24tik 10 saskiratu zituzten zarauztarrek. Zaharrak berri.


Partida atarian, Unai Eizagirre kapitainari eskaintza bat egin zion taldeak. Urte guztiko errekuperazioa du aurretik oriotarrak, aurredenboraldian orpazurdan izandako lesio baten ondorioz. Taldekideek animoak emateko kamiseta bat eman zioten oparitan kapitainari. Beste momentu ederra Mikel Larrañaga Aritzbataldeko kantxan jokatzera sartu zen unea izan zen. Zarauztarrak belauneko lesio larri bat gainditu eta hainbat hilabeteren ostean berriz ere elastiko berde-arrosa jantzita hartu zuen baloia esku artean.


Jokin Collantesen taldea sendo dago lidertzan bi jardunaldiren ostean, egutegia mesedetan izan dutela dirudien arren. Asteburu honetan kategorian berria den La Salle talde bilbotarraren kantxan jokatuko dute


Gainerakoak


Zarautz Kirol Elkartearen gainerako 21 taldeen artean, aipatu beharrekoa da Bigarren maila Nazionaleko Ulacia Zarautz taldea izaten ari den hasiera bikaina. Iker Gurrutxagak zuzentzen duen taldea intentsitate altuko joko alaia ari da egiten eta lehen bi jardunaldietan ez dute porrotik izan. Halaber, beren kategorian lider doan Zast Lynx nesken talde infantila ere aipatu behar. Ainara Zabalaren neskek hirutik hiru garaipen erdietsi dituzte gaurdaino.

AURREKOA    HURRENGOA