Graficas Juaristiren garaipena estreinuko partidan.
Gráficas Juaristi emakumezkoen saskibaloiko senior taldeak kategoria berria estreinatu zuen Aritzbatalden, joan den denboraldiko igoera bikainaren ostean. Nazional mailako ZASTeko emakumezkoen senior talde baten hirugarren etapa honetan, Beñat Jauregik prestatutako taldeak kategorian finkatzeko helburua du begiz jota. Lehiaketa, itxuraz, berdindua dirudi. 20 talde daude lehian, 6 bizkaitar, 5 gipuzkoar, 4 nafar, 3 errioxako eta 2 arabar.
Estreinuko partida bukaera estu batean ebatzi zen 59-56 Gráficas Juaristiren alde. Lehen hiru laurdenetan partida parekatua mantendu zen. Etxeko taldea gehienetan aurretik bazen ere, abantailak beti murritzak zian ziren. Arerioak, Valle de Egües-eko nafarrek, bertakoek baino talde polibalenteagoa aurkeztu zuten, etxekoei batbatekoan min egiten zien jokalariekin. Aldiz, zarauztarrek indartsuagoak ziren saskitik gertu, abantaila hau behar bezela aprobetxatu ez bazuten ere, jaurtiketa libreetan exkas aritu baitziren. Beñat Jauregiren taldeak, aurretik lesiongatik murriztua, faltekin arazoak eduki zituen, eta horri bigarren laurdenean Nora Bereziartuak izandako lesioa gehitu behar zaio.
Azken laurdenean nafarrek aurrea hartu zuten, bi minuturen faltan 4 puntuko aldea edukitzera ere iritsi ziren, baina 30”en faltan Garazi Alzaren sarrrera batek eta Enara Markaiadek bi jaurtiketa libreek, 11” faltan partida etxean geratzea baimendu zuten. Saskiratzaileak hauek izan ziren: Leire Fernandez (8), Lide Rementeria (14), Enara Markaide (8), Nora Bereziartua (2), Garazi Alza (12), Leire Anaut (4), Nora Danis (9) eta Eider Castro (2). ).
Gráficas Juaristiren estreinaldiarekin, Zarautz Kirol Elkarteko 23 saskibaloi taldeetako, iaz baino bi gehiago, 10ek denboraldia hasi dute dagoeneko. 23 talde horietatik 5 erkidego mailan lehiatuko dira. Aipatzekoa, Euskal Ligako jubenil mailako gizonezkoek denboraldi hasiera bikaina: lehen hiru partidetan bi garaipen lortu bait ditu Aitor Udakiolak entrenatzen duen taldeak. Lehiaketa oso gogorra izango du junior talde honek, esatebaterako, igande honetan, Baskonia ahalguztiduna jasoko dute eguerdiko 12etan Aritzbatalden, hureengo asteburuko kartelerako partidarik erakargarria izan daitekena. Ulaciak, bere aldetik, datorren asteburuan hasiko du denboraldia, larunbatean Goierri bisitatuz.