Home ZAST

ZAST-ULACIAREN USTEKABEKO PORROTA DENBORALDIKO AZKEN AURREKO PARTIDUAN

EBA ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarra porrot batekin itzuli da Zarautzera aurreko apirilaren 24an Durangoko Landako kirolegian Tabirako taldearen aurka 60-48 galdu ondoren.

<   >

 

 

Tabirako talde durangarra azkenaurreko postuan zegoen ligako 21. Jardunaldia jokatu baino lehen, eta zarauztarrei irabazi ondoren, aurretik zuen taldea, Baskonia, gainditu du sailkapenean, irabazi eta galdutako partidu berdinak dituzten arren, averagea bere alde duelako Durangoko taldeak.

Gasteizko Baskonia taldea izango da, hain justu, zarauztarren aurkari datorren maiatzaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatuko den azken jardunaldian. EBA ligako AA multzoaren partidu guztiak data eta ordutegi berean jokatuko dira, irizpide bateratua ezartzea erabaki baita azken jardunaldi horretarako.

Partiduaren markagailuak berak adierazten duen moduan, zarauztarrek egun benetan txarra izan zuten erasoan, ehuneko kaxkarrak lortuz erasoan, eta partiduaren lehen laurdenetik ikusi ahal izan zen hori, zarauztarrek zazpi puntu baino ez baitzituzten sartu aurkariaren saskian. Durangarrek, hala ere, puntu bat gehiago bakarrik sartu zuten laurden horretan eta ez zen eten handirik izan markagailuan.

Etena bigarren laurdenean etorri zen, durangarrek 25 puntu sartu baitzituzten, eta zarauztarrek 11 baino ez. Durangarren defentsak ito egin zuen zarauztarren erasoko jokoa eta zarauztarrak, berriz, ez ziren durangarren erasoa geldiarazteko gai izan.

Pentsatzekoa zen partiduaren erdiko atsedenaldi luzearen ondoren, zarauztarrak indartsuago eta oldarkorrago irtengo zirela kantxara, baina ez zen nabarmen aldatu partiduaren dinamika, eta berriro galdu zuten laurden hori, durangarren defentsa gainditu ezinik. Zarauztarrek 8 puntu bakarrik sartu zituzten hirugarren laurdenean. Zenbateko oso urria maila horretako partidu bat irabazteko. Durangarrek, ordea, beren garaipen aukerez erabat sinetsirik, 14 puntu sartu zituzten eta hogeita bateko aldeaz ekin laugarren laurdenari.

Ezin esango dugu ezinezkoa denik 21 puntuko aldeari buelta ematea saskibaloi partidu bateko azken laurdenean, baina oso egoera ezohizkoa litzateke hori, eta zarauztarrek ezin izan zuten horrelako balentriarik egin. Laurdena irabazi zuten, eta bederatzi puntuko aldeaz gainera, baina erreakzioa berandu iritsi zen, partidua jada erabakita zegoenean.

Bazirudien Durangoko partidu hau eta etxean zuen azkena irabaziz gero, zarauztarrek eskura izan zezaketela beren multzoko bigarren tokia, baina porrot honen ondoren zailagoa izango dute helburu hori lortzea.

Esan bezala, datorren maiatzaren 1ean jokatuko dute, Baskoniaren aurka, denboraldiko azken partidua, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, arratsaldeko 19:00etan.

AURREKOA    HURRENGOA