Home ZAST

ZAST-ULACIAREN GARAIPENA LIGAKO 17. JARDUNALDIAN SOLARESEN AURKA ETA BIGARREN SAILKAPENEAN

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak 64-55eko emaitzaz irabazi dio, 17. jardunaldiko partiduan, Kantabriatik etorritako Solares taldeari.

 

<   >

Martxoaren 14ko igandez jokatutako partiduan zarauztarrek behetik gorako partidua egin dute; izan ere, ez dira batere fin sartu kantxara. Badirudi partiduan zehar ikasi dutela nola aurre egin kantabriarren jokoari.

Lehen laurden horretan, eta oro har, partidu osoan, min handia egin die zarauztarrei Kaj Sherman pibotak, 30 puntu, 17 errebote eta 44 kredituko balorazioa eskuratuta. Jokalari horren defentsan egindako doikuntzak eta erasoko jokamoldea egokitu izana erabakigarri izan dira zarauztarrek partidua irabazteko.

Esan bezala, zarauztarrek urduri hasi dute partidua, jaurtiketa erosoak eginez, baina konfiantzarik gabe, eta kantabriarrek eutsi egin diote partidu hasieran planteatu duten buruz buruko defentsari, nahiz eta zonakako defentsa izan talde horren jokoaren bereizgarri.

Kantabriarren aulkitxoko jendea oso motibatuta ikusita eta zarauztarrak kantxa gainean kantabriarren intentsitate mailara iristeko zailtasunak zituztela ikusita, partidua maldan gora zegoela zirudien, baina bigarren laurdenean zarauztarrek gora egin dute defentsan, eta entrenatzaileen arbeleko jokaldiek kantxa gainean izan duten gauzapen onak puntu errazak eman dizkie zarauztarrei.

Bigarren eta hirugarren laurdenetan zarauztarrek diferentzia murriztu dute, arian-arian, eta berdinduta iritsi dira laugarren laurden erabakigarrira. Laugarren laurden horrek bi zati izan ditu, bata oso parekatua eta bi taldeen defentsako lanean oinarritua. Bi taldeek zituzten saskiratzeko zailtasunak eta kantabriarren zonakako defentsak hiruko ugari jaurtitzera eraman ditu zarauztarrak. Partidu osoan 31 hiruko jaurti eta zazpi sartu ditu Zast-Ulaciak.

Laugarren laurden horren bigarren zatiak, berriz, izen bat dauka: Unai Eizagirre. Joko-antolatzailea kantxan sartu denean, horretantxe hasi da, jokoa antolatzen. Hiruko zoroen dinamika eten eta barneraketa batzuk egin ditu, baloiak bikoiztu eta pibot zarauztarrek jaurtiketa errazak egiteko. Baloia ondo mugiarazi du, irizpidea eman dio jokoari eta, gainera, defentsan egindako laguntza argiei esker, baloiak berreskuratu eta kontraeraso errazak bideratu ditu.

Partidu amaiera horretan, partiduan zehar ordura arte izan gabeko aldea atera diote zarauztarrek aurkariari, bederatzi puntukoa, baina ezin izan dute, hala ere, kantabriarrekiko averagea beren aldera ekarri, hamabi puntuz galdu baitzuten Solaresen.

Hamazazpigarren jardunaldiko partidua irabazi ondoren, bigarren postuan da Zast-Ulacia sailkapenean eta dagoeneko ezin da esan denboraldi hasiera on baten aurrean gaudenik, denboraldi on baten aurrean baizik. Lehen Mondragon Unibertsitatea dago 13 garaipenekin. Zarauztarrak 10 dituzte baina bi partida gutxiago jolastuta.

Datorren asteburuan bi partidu izango ditu Zarauzko taldeak. Hilaren 19an, ostiral arratsaldez, Goierri-Iparragirre taldearen aurka, COVIDa dela eta berreskuratu beharreko partidan eta hilaren 21ean, igande goizez, aurkari zuzen baten aurka, Logroñoko LBC taldearen aurka, Errioxan.

 

AURREKOA    HURRENGOA