Home ZAST

ZAST-ULACIA TALDEAK 15. JARDUNALDIKO PARTIDUA GALDU DU EGUES IBARREKO TALDE NAFARRAREN AURKA

Zast-Ulacia saskibaloi taldeak 52-56 galdu du EBA ligaren 15. jardunaldiko partidua Egues Ibarreko talde nafarraren aurka, otsailaren 28ko igandez jokatutako partiduan, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian.

<   >

Markagailuak partiduaren amaieran erakutsitako emaitzak adierazten duen moduan, defentsak gailendu zaizkie partidu osoan erasoei eta ez da partidu bizi eta azkar horietakoa izan.

Egues ibarreko taldea Zarauzko taldea baino porrot bakar bat gehiago zuela gerturatu da Aritzbatalde kiroldegira, eta hasiera-hasieratik igarri da partiduaren bila etorri dela, presio handiko defentsa batez ekin baitio partiduari.

Zarauztarrek zailtasunak izan dituzte presio horri aurre egiteko eta, baloi asko galdu ez baldin badituzte ere, beren burua sei puntuz atzetik ikusi dute markagailuan lehen laurdenaren amaieran.

Bigarren laurdena oso bestelakoa izan da. Zarauztarrek, defentsaren garrantziaz jabetuta, bi puntu baino ez dituzte onartu beren saskian bigarren laurden osoan. Defentsa bikain-bikaina eginda, ito dute aurkariaren puntu jarioa, baina beren erasoko errendimendua ez da izan apartekoa. Zarauztarrek hamalau puntu baino ez dituzte sartu erasoan, eta horixe izan da partiduko gakoetako bat, zarauztarrek ez baitute abantaila erabakigarririk lortu aurretik jarri direnean.

Atsedenaldi luzearen ondoren, zarauztarrak saiatu dira defentsaren gogortasunari eusten eta, oro har, ondo aritu dira, baina hiruko jaurtiketa libratu batzuk utzi dizkiete nafarrei barneraketen ondoriozko pase bikoiztuetan, eta nafarrek hiru eraso jarraitutan asmatu dute baloia zarauztarren saskian saskiratzen, harik eta markagailuan goitik jarri diren arte, hirugarren laurdenaren amaieran.

Gauzak horrela, agerikoa zen partidua azken erasoetan erabakiko zela eta horrelaxe izan da. Bi taldeak 52 puntura berdinduta iritsi dira azken minutura eta, une horretatik aurrera, nafarrek soilik saskiratu dituzte partidu amaiera bitarteko puntu guztiak, jaurtiketa libreetan. Nafarren 54. puntua sartzean, izan dute Zarauztarrek aurretik jaurtitzeko hiruko bat, baina ez da sartu eta, errebotea hartu baldin badute ere, ez dira baloia esparrutik ateratzeko gai izan eta hortxe amaitu zaizkio partidua irabazteko aukerak etxeko taldeari.

Zarauztarrek aukera ederra zuten beren multzoko liderraren uberan jarraitzeko, lider horrek galduta dituen partidu kopuru bera baitzuen jardunaldiaren hasieran, bain lehen postuan dihoan Mondragon Unibertsitatea taldeak baino porrot bat gehiago dute unetan.

Pandemia egoerak eragozten ez baldin badu eta gauzak ondo bidean, datorren igandean jokatuko dute zarauztarrek hurrengo partidua, Aritzbatalde kiroldegian hura ere, arratsaldeko 18:30ean, orain arte partidurik irabazi ez duen Goierri – Iparragirre 2020 taldearen aurka.

 

AURREKOA    HURRENGOA