Home ZAST

Zast-Ulaciaren denboraldiko hirugarren porrota Mondragón Unibertsitatearen aurka

2021eko otsailaren 14an jokatutako partiduan, EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak denboraldiko hirugarren porrota jaso du etxean, Aritzbatalde kiroldegian, Arrasateko Mondragón Unibertsitatea taldearen aurka, 69-74ko markagailuaz.

<   >

Entxufatuta ekin diote zarauztarrek partiduari. Partiduko lehendabiziko sei minutu eta erdietan hamaika puntuko aldea aterata zion Arrasatetik etorritako taldeari eta bisitariak hutsartea eskatzera derrigortu ditu etxeko taldeak.

Hutsartearen ondoren, ordea, erabat aldatu da partiduaren dinamika eta arrasatearrek zarauztarren erritmoa itotzea lortu dute, eta falta pertsonalen ondoriozko hainbat jaurtiketa libreren esker, markagailuko aldea murriztea lortu dute lehen laurdenaren amaieran, puntu bakar batera jarriz.

Bigarren laurdena lehenengoaren kalkoa izan da, baina alderantziz, izan ere, arrasatearrak izan dira markagailuan aurrera egin dutenak eta zarauztarrak hutsartea eskatu behar izan dutenak. Nabarmentzekoa izan da, bigarren laurden honetan, Aitor Carrera jokalari arrasatearrak hiruko jaurtiketetan izan duen ehuneko paregabea, saskiratu egin baititu bere lehen hiruko sei jaurtiketak. Bultzada handia izan da markagailua arrasatearren alde jartzeko.

Bigarren laurden horretan zarauztarrek eskatutako hutsartearen ondoren, ordea, ez da lehenengo laurdeneko eskema errepikatu eta zarauztarrek ezin izan dute arrasatearrek pilatutako abantaila murriztu. Hori horrela, zazpi puntuko aldeaz goitik iritsi da atsedenaldi luzera talde arrasatearra.

Hirugarren laurdenean zarauztarrak dinamika aldatzen ahalegindu dira, zonakako defentsa bat eginez aldi batez. Nahiko emaitza onak eman ditu defentsa horrek hasiera batean, baina atzean egindako lanak ez du balio izan aldeak murrizteko, erasoan kamuts antzean ibili baitira zarauztarrak, baloia askorik mugitu gabe eta saskia behar besteko konbentzimenduz erasotu gabe.

Hirugarren laurdenaren erdialdera, gutxitan gertatzen diren egoerak ikusi ditugu kantxan. Lau teknika jarraian adierazi dizkiete epaileek arrasatearrei. Teknika horien ostean bisitariek ez dute hondorik jo.

Askotan gertatu ohi den moduan, epaileen neurria zorroztu egin da zarauztarrentzat arrasatearrei adierazitako tekniken ostean; gainera, arrasatearren defentsa onaren ondorioz, zarauztarrek hamaika puntu baino ez dituzte sartu hirugarren laurdenean. Zarauztarrek ez dute argitasun ahikorik izan partiduaren aldi horretan.

Arrasatearrek, horrenbestez, hamaika puntuko aldeaz ekin diote azken laurdenari, eta laurdenaren hasieran zarauztarrak ez dira markagailuko aldea murrizteko gai izan. Gainera, laurdenak aurrera egin ahala, abantaila handitu egin da, hamalau puntukoa izateraino. Epaileek Julen Egañari kirolez kontrako falta adierazi ondoren, teknika bat adierazi diote haren gainean, eta jokalari zarauztarrak kantxa utzi behar izan du. Partidua maldan gora ez ezik, galduta ere bazegoen ordurako.

Beste partidu bat hasi da une horretan, elkarren aurka jokatutako partiduen puntu aldearena edo, saskibaloian esaten den moduan, basket averagearena. Zarauztarrek zazpi puntuz irabazi zuten Arrasaten eta aldea bederatzi puntutara murriztuta zuten zarauztarrek minutu eta erdiren faltan. Bi taldeetako entrenatzaileek hutsarte bana eskatu dute alde hori kudeatzeko eta zarauztarrek irabazi dute bigarren mailako helburu hori, bost puntura murriztu baitute azkenean markagailuko aldea.

Denboraldiko hirugarren porrota da zarauztarrentzat, baina sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute hala ere. Postu horietan mantentzeko, erronka zaila izango dute datorren jardunaldian, etxetik kanpo jokatuko baitute otsailaren 20an, arratsaldeko 18:45ean, Santurtziren aurka.

 
 

AURREKOA    HURRENGOA