Home ZAST

ZAST-ULACIAK DURANGOKO TABIRAKORI IRABAZI DIO BEHETIK GORAKO PARTIDU BATEAN

Lehen itzulia amaituta, eta atzeratutako partida bat zintzilik duela, ULACIA ZARAUTZek 7 garaipen eta 2 porrotekin sailkapenean hirugarren postuan da.

<   >

Zarauzko Zast-Ulacia saskibaloi taldeak EBA ligako 10. jardunaldiko partidua jokatu du 2021eko urtarrilaren 31n arratsaldeko 16:00etan Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian Durangoko Tabirako-Baque taldearen aurka, eta etxeko taldea garaile izan da 65-55eko markagailuarekin.

Zarauzko taldeak 2021. urteko bigarren etxeko partidua zuen Durangoko taldearen aurkakoa eta aurten etxean jokatu duen lehendabiziko partiduan gertatu zen bezala, nahiko hotz eta urduri ekin dio partiduari, baina Easoaren aurka jokatutako partidu hartan ez bezala, zarauztarrek gora egin dute laurdenez laurden, partidua eskuratu duten arte.

Durangoko taldea bi partidu bakarrik irabazita zetorren Zarautzera, baina beste behin argi geratu da EBA liga hau oso berdinduta dagoela eta ezin dela partidu bat irabazitzat eman aldez aurretik, aurkaria edozein izanda ere. Gainera, Zarauzko Aritzbataldera datozenek badakite zarauztarrak denboraldi hasiera bikaina egiten ari direla eta dena ematera datoz hasiera-hasieratik.

Horren jakitun izanik ere, hotz hasi du partidua etxeko taldeak, bere esparruko errebotea ixteko zailtasunekin eta Durangoko jaurtitzaileei jaurtiketak egiteko erraztasunak emanez. Hori gutxi balitz, lehen laurden horren erdialdean epaileek ez diete zarauztarrei aitortu Ale Romerok kontraerasoan sartutako bi puntu, ez direlako konturatu jokalari durangar batek taulan jo ondoren kanporatu duela, eskuaz, zarauztarrak jaurtitako baloia. Hasiera hotzaren eta partiduko intzidentzien ondorioz, 10-22ko emaitzaz amaitu da lehen laurdena, zarauztarrak 12 puntu atzetik zirela.

Agerikoa zen zarauztarrek, partiduari buelta ematekotan, defentsa estutu behar zutela eta ausardia handiagoz sartu durangarren esparruan, eta horretan saiatu dira bigarren laurdenean. Ahalegin horrek eman ditu bere fruituak eta zazpira murriztu dute beren kontrako aldea. Zarauztarrek aldea gehiago murrizteko aukera izan dute jaurtiketa libreen marratik, baina gaur ere ez dute egun onena izan jokoaren atal horretan, hogeita hamar jaurtiketa egin arren, hamabost baino ez baitituzte sartu. Deigarria da, alde horretatik, durangarrek zortzi jaurtiketa libre baino ez dituztela jaurti. Datu esanguratsua, inondik ere, zarauztarrenakin alderatuta.

Atsedenaldi luzearen ondoren, zarauztarrek ia-ia bueltatu egin diete durangarrei lehen laurdeneko markagailua, baina puntu bana gutxiagorekin talde bakoitzaren aldean, zarauztarrek 21 puntu eta durangarrek 9 baino ez baitituzte saskiratu. Laurden honetan irauli da partidua eta argi ikusi da zein zen irabazteko errezeta zarauztarrentzat: defentsa sendoa egitea aurkarien jaurtitzaile nagusiei eta durangarren barruko jokoa zigortzea. Bikain aritu dira zarauztarrak kantxara hiru jokalari garai aterata, defentsan sendo, erasoan baloia ongi mugituz eta, ahal zutenean, kontraeraso azkarrak saiatuz. Aipatzekoa Aitzol Eguskitzaren hegaleko pibotak sartutako bi hirukoak.

Zarauztarrek, beraz, bost puntuko aldeaz ekin diote laurgarren laurdenari eta gorazko joerari eutsi diote, harik eta 12 puntuko aldea iritsi duten arte. Partidu erabakita zegoela zirudien une horretan, baina, bat batean, jokoaren giroa aldatu da bi jokalariren artean izandako sestra baten ondorioz. Durangarrek, sestraren amorrualdiak suspertuta, lau puntura murriztu dute aldea, baina zarauztarrek, batik bat azken minutu eta erdian, giroa berriro lasaitu eta partidua beren alde ixten jakin dute, hamar punturaino igoz markagailuko aldea.

Azkenik, markagailuak adieraz dezakeena baino estuago baldin bada ere, beste garaipen bat lortu dute zarauztarrek eta EBA ligako AA multzoaren goiko postuetan jarraitzen dute. Ea ildo beretik jarraitzen duten hurrengo partiduetan.

Hasiera batean, zarauztarrek datorren otsailaren 14an izango dute beren hurrengo partidua Zarauzko Aritzbatalden, oraindik konfirmatu gabeko ordutegian.

 

AURREKOA    HURRENGOA