Home ZAST

GARAIPENEN BIDEAN DA BERRIRO ULACIA ZARAUTZ

 

ARDOI talde nafarraren etxean irabazita garaipenaren bidera bueltatu da ULACIA ZARAUTZ

 

<   >

 

2021. urteko lehen partiduak utzitako zapore mingotsari buelta ematea lortu du Ulacia Zarautzek saskibaloi talde zarauztarrak, eta garaipen batekin bueltatu da Iruñatik, Ardoi taldeari urte berriko bigarren partidua irabazi ondoren. EBA ligaren 8. jardunaldiko partidu atzeratua izan da Zast-Ulaciak urtarrilaren 23an Zizur Nagusiko udal kiroldegian jokatu duena, eta 54-59 izan du emaitza, zarauztarren alde. Nafarrak liderrak doaz Mondragon Unibertsitatearekin berdinduta. Zarauztarrak hirugarren baina partida bat gutxiago jokatuta.

Zarauztarrek partidu hasiera oso serioa egin dute Zizur Nagusiko udal kiroldegian eta, defentsa sendo batean oinarrituta, bost puntu baino ez dituzte onartu beren saskian, erasoan hamasei puntu sartu dituzten bitartean.

Bigarren laurdena, ordea, oso bestelakoa izan da, eta iruñarrek partidua iraultzea lortu ez baldin badute ere, zarauztarrengandik bi puntura gerturatu dira atsedenaldi luzera iristerako, erasoan zein defentsan egindako aurrerapausoen ondorioz.

Zarauztarrek ideiak argitu dituzte atsedenaldi luzean, eta partidu hasieran erakutsi duten defentsa gogorra berreskuratu dute hirugarren laurdenean. Defentsako lanak konfiantza eman die zarauztarrei, eta erasoan ere zertxobait erosoago aritu dira, baloia ordura arte baino zertxobait gehixeago mugituz. Horren ondorioz, bederatzi puntuko aldeaz ekin diote laugarren eta azken laurdenari.

Zast-Ulacia markagailuan aurretik izan da hirugarren laurdena iritsi arte eta aurretik amaitu du partidua, baina ezin daiteke esan, inondik ere, zarauztarrek partidu amaiera erraza eta erosoa izan dutenik, Ardoi talde iruñarra aurretik jarri baita partidua amaitzeko lau minutu eskas falta zirela.

Zarauztarrek, ordea, ez dute hondorik jo iruñarrak aurreratu direnean, eta azken txanpan aurkariari gailentzen asmatu dute, defentsan arreta handiagoa jarrita. Nabarmentzekoa da, baita ere, Estanis Andres jokalari zarauztarrak azken une horietan erasoan izan duen argitasuna, hark minutu eta erdiren faltan sartutako hiruko saskiratze bat eta hurrengo erasoan aupalaz sartutako beste saskiratze bat erabakigarri izan baitira partidua irabazteko.

Zarauztarrek seigarren garaipena lortu dute Iruñan eta benetan denboraldi ona egiten ari direla berretsi dute, bi partidu baino ez baitituzte galdu.

Zast-Ulaciaren hurrengo partidua, gauzak ondo bidean, urtarrilaren 31n izango da, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, arratsaldeko 16:00etan.

 
 

AURREKOA    HURRENGOA