Home ZAST

Lidergoa eskuratu du Ulacia Zarautzek etxean 60-48 irabazita.

Defentsan estututa, denboraldi hasiera bikaina berretsi du Ulacia Zarautzek Logroñoko LBC taldeari irabazita (60-48)

 

<   >

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Ulacia Zarautz taldeak 60-48ko emaitzaz irabazi du abenduaren 13ko igande arratsaldean Zarauzko Aritzabatalde kiroldegian Logroñoko LBC taldearen aurka jokatu duen partidua. Garaipen horrekin, bere denboraldi hasiera bikaina berretsi du, bost garaipen eta porrot bakarra ageri baititu sailkapenean.

Partiduko lehen saskiratzea Errioxako taldearena izan da eta lehen laurden horren lehendabiziko zatian, kanpoko jaurtiketetan bisitariek izan dituzten ehuneko onei esker, aurretik izan dira, baina Zarauzko taldea defentsan sendotu denean, eten egin du errioxarren puntu jarioa eta Miguel Salgado joko antolatzaileak laurden amaieran egin duen azken sasikiratzeari esker, puntu bat aurretik amaitu du laurdena etxeko taldeak. Hortik aurrera, partidua amaitu arte izan da aurretik Ulacia-Zarautz.

Zarauztarrek defentsan egin duten lanaren erakusgarri, benetan argigarriak dira bigarren eta hirugarren laurdenetan baimendu dituzten puntuen kopuruak: errioxarrek zortzi eta zazpi puntu baino ezin izan dituzte sartu Zarauztarren saskian. Oso gutxitan ikusten dira horrelako erakustaldi defentsiboak.

Lehen laurdenaren azken unean Miguel Salgadoren saskiratzeak zarauztarrak aurretik jarrai eta psikologikoki bizkortu baldin baditu, haren taldekide Julen Egañak beste horrenbeste egin du bigarren laurdenaren amaieran, Logroñotik etorritako taldearen morala kolpekatzeko. Zarauztarrak gogotsu aritu dira gaur garaipenaren bila.

Bigarren eta hirugarren laurdenean defentsako lan bikaina eginda, hamabi puntuko aldeaz abiatu dute laugarren eta azken laurdena, eta markagailuak alde horixe bera erakutsi du partiduaren amaieran, bi taldeek hamahiruna berdindu baitute laurden hori.

Laugarren laurden horretan, errioxarrak sei puntutara gerturatu diren arren, Estanis Andresen hiruko batek bederatziko aldea jarri du markagailuan eta maldan behera jarri du partidua zarauztarren alde. Errioxako taldeak ez ditu besoak inoiz ere jaitsi eta talde saiatua dela erakutsi du. Meritu handiko garaipena beraz, Ulaciantzat.

Nabarmentzekoa da, defentsako talde lan bikain horrez gainera, zer ondo integratu diren taldean aurtengo fitxaketa berriak. Estatistikari, lanari eta gogoari begiratuta begiratuta agerikoa da haien ekarpena kantxan eta kantxatik kanpo. Horrez gainera, eta gaurko partiduari begiratuta, bereziki azpimarratzekoa izan da taldera bueltatutako Unai Eizagirrek zer esperientzia eta erabaki onak ekarri dituen minutu erabakigarrietara. Ulaciak kimika eta lan on horrekin jarraitzen badu, poz handiak emango dizkigu denboraldi honetan.

Egutegiari begiratuta, datorren igandearen 20an Ardoi talde iruñarraren aurka jokatuko duena izango du Ulacia-Zarautzek urteko azken partidua. Aurkari gogorra izango da, sailkapenaren goiko aldean baitago EBA liga estu honetan. Izan ere, Ulaciak baino garaipen bat gutxiago lortu dituzte, baina partida bat gutxiago jokatuta.

 
 

AURREKOA    HURRENGOA