Home ZAST

Atzeratutako bi partida jokatu eta irabazi ditu Ulaciak asteburuan

Atzeratutako bi partida jokatu eta irabazi ditu ULACIAk, biak etxetik kanpo eta biak irabazita sailkapeneko lehen postuan jartzen da.

<   >

20-21 denboraldi ezohiko honetan, etxetik kanpoko bi partidu jokatu eta irabazi ditu Zast-Ulaciak abenduko zubiko asteburu luzean, atzeratutako bi jardunaldi berreskuratzeko. Lehena abenduaren 6an jokatu zuen, igandean, Egues nafar ibarreko taldearen aurka, eta bigarrena, berriz, abenduaren 8an, asteartean, Arrasateko Mondragón Unibertsitatea taldearen aurka.

Igandean Egues nafar ibarreko taldearen aurka jokatutako partiduan garaile atera da Zarauzko taldea, baina luzapena behar izan du horretarako. Markagailuak 73-81 emaitza erakutsi du luzapen horren amaieran eta zortzi puntuko alde interesgarria, gainera, averageari begiratuz gero.

Partida estua izan da igande goizean Sarriguren herriko Maristas kiroldegian jokatutakoa. Zast-Ulacia gailendu da lehen bi laurdenetan, baina hirugarren amaieran berrogeita hamarnako berdinketa igo da markagailura eta emozioz beteriko saskiratze trukaketa izan da partidua, luzapena amaitu arte.

Arauzko denboraren azken minutu eta erdian sartuta, hiruko bat saskiratu du Eguesko taldeak eta aurretik jarri da, gauzak benetan zail jarriz Zast-Ulaciari, baina beste hiruko batez erantzun diote zarauztarrek hurrengo erasoan. Jokaldi horren ostean, defentsako errebotea hartu jaso du Zast-Ulaciak bere saskipean eta falta adierazi diote Egues taldeari. Falta ez ezik, bi teknika jaso ditu talde nafarrak, lau jaurtiketa libre emanez zarauztarrei. Lau jaurtiketa libre horietatik bi baino ez dituzte sartu eta partiduko azken jokaldian, talde nafarrak, zarauztarren saskipean bi errebote jarraian jaso ondoren, hirurogeita launakoa igo du, partidua luzapenera eramateko.

Luzapena, ordea, zarauztarrena izan da hasieratik amaitu arte. Iñigo de la Heraren bi kontraeraso azkarrek eta Asier Azpeitiaren hiruko batek zazpi puntuko aldea igo du markagailura, eta hortxe amaitu dira etxeko taldearen irabazteko aukera guztiak, zarauztarrek bikain kudeatu baitute errenta luzapena amaitu arte.

Aipatzekoa, EBAn maila politena erakusten ari diren bi jokalarien arteko lehia ikusgarria. Etxekoen aldetik Alexander Calvok 30 puntu (5 hiruko) sartu, 8 errebote hartu, 4 asistentzia eman eta 6 baloi lapurtu zituen. Ulaciaren aldetik Asier Azpeitiak 29 puntu sartu , 5 hirukoekin baita, 10 errebote jaso, bi asistentzia eman eta beste bi baloi lapurtu zituen. Biek 38 balorazioa lortuz. Iñigo De la Hera eta Julen Egaña ere txukun aritu ziren 16 eta 13 punturekin.

Zubiko asteburu luze bezain bikaina borobiltzeko, Zast-Ulaciak 71-78 irabazi dio asteartean Arrasateko Mondragon Unibertsitatea taldeari. Etxetik kanpo irabazitako partidu guztiek meritu handia baldin badute, Arrasaten jokatutakoak are handiagoa du, taldea igandean jokatzetik baitzetorren eta, Imanol Artetxeren bajari, Estanis Andresena eta Jon Sanzena gehitu baitzaizkie. Baja horiei aurre egin nahian, Zast-Ulaciak bere jokalari ohi Xabier Osaren laguntza izan du minutu partiduko minutu batzuetan.

Partidu gorabeheratsua izan da Arrasaten jokatutakoa. Zarauztarrak bikain hasi dute partidua eta jokoaren atal guztietan gailendu dira. Lehen laurdenaren amaierako emaitza erabat argigarria da, Arrasateko taldearen puntu bikoitza saskiratu baitute zarauztarrek, 13-26ko emaitza igota markagailura.

Emaitza erabat ezohikoa zen hori Arrasateren moduko talde sendo baten aurka eta horrelaxe ikusi ahal izan da bigarren eta hirugarren laurdenean, etxeko taldeak murriztu egin baitu, arian-arian, zarauztarrek lehen laurdenean pilatutako abantaila, harik eta puntu bakar batera gerturatu den arte laugarren laurdenaren atarian.

Zast-Ulaciak laugarren laurden horretan erabaki du partidua, haren azken minutuak ondo kudeatzen asmatuta. Defentsan egon da, zalantzarik gabe, azken laurden horren gakoa, partidu hasierako laurdeneko puntu kopuru bera saskiratzen utzi baitio etxeko taldeari, hamahiru baino ez. Atzeko lan sendo horrek emandako konfiantzaren bultzadaz, baloia ondo mugitzen asmatu dute zarauztarrek eta azken minutuetako urduritasuna ondo kudeatzen, pazientziaz, baloia jokalari egokiarengana iristeko. Zituen bajei aurre eginda, partidu korala egin du Zarauzko taldeak, Arrasaten gailentzeko.

Zarauztarren aldetik Iñigo De la Herak eta Ale Romerok partida bikaina burutu zuten 20 eta 16 puntu sartuz hurrenez hurren. Bingen Ezeizak ere partida bikaina burutu zuen azken minutuetan bereziki, 13 punturekin bukatuz. Aipatzekoa baita Julen Egaña txorkatila lesionatua suertatu zela.

Asteburu luze honetako bi partiduak irabazi ondoren, denboraldiari indartsu eta konfiantzaz beterik ekin diola erakusten ari da Zast-Ulacia. Bost partidu jokatu ditu orain arte eta horietatik lau irabazi ditu, hiru etxetik kanpo. Aurten sailkapen taula ez da guztiz fidatzekoa talde guztiek ez bait dute partida kopuru berdina jolastu, baina oraintxe bertan Zast Ulacia taularen goikaldean dago Mondragon Unibertsitatea eta Solaresekin berdinduta, azken honek partida bat gehiagorekin.

Egutegiari begiratuta, Zast-Ulaciak datorren igandean du hurrengo partidua, arratsaldeko 18:30ean, Aritzbatalde kiroldegian, Logroñoko LBC Cocinas taldearen kontra. Aurkari gogorra, hasiera batean, sailkapeneko goiko postuetan kokatuta dagoena, zarauztarrekin batera.

(argazkiak ESFkoak dira)

 

AURREKOA    HURRENGOA