Home ZAST

GARAIPENAZ EKIN DIO ZAST-ULACIAK SASKIBALOI LIGARI

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia taldeak garaipena eskuratu du 20-21 denboraldiko lehen liga partiduan, azaroaren 8ko igandean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatutako partiduan.

<   >

 

Hasiera batean ikuslegoarekin jokatzekoa zer norgehiagoka, baina egoera okerragora joaterekin kirol ekitaldiak ateak itxita joalstu beharrean dira hurrengo asteetan. Dena den partida streaming bitartez eman zen zalegoaren aldetik harrera bikainarekin.

Zast-Ulaciak denboraldi honetan bertan Euskal Koparen finalean aurkari izan zuen Santurtzi Saskibaloia izan du aurrean eta, partiduaren amaieran, urriaren erdialdean jokatutako final hartan ez bezala, Zarauzko taldea izan da garaile, 65-57ko emaitzaz.

Imanol Artetxek ezkerrez eta aupalaz egindako lehen saskiratzetik bertatik jarri da aurretik etxeko taldea, eta partidu amaiera arte izan da aurretik, defentsan sendo batean oinarrituta.

Ez da partidu erabat erosoa izan, ordea, etxeko taldearentzat. Egutegi zozketaren eta denboraldi erabat berezi honek sortutako kasualitate baten ondorioz, orain hiru aste Euskal Kopako finalean aurkari izan zuen Santurtzi Saskibaloiak ez dizkio gauzak erraz jarri, bi taldeek oso ondo ezagutzen baitute elkar.

Partiduak une eta pasarte urduri ugari izan ditu, ordena handirik gabekoak, baina Zast-Ulaciak defentsaren iparrorratzari heldu dio joan-etorri azkar eta ugariko pasarte horiei aurre egiteko.

Partiduko saskiratzaile nagusia Euskal Kopako finalean bi teknikaren ondorioz kanporatua izan zen Asier Azpeitia izan da, hamabost punturekin, eta Zarauzko taldearen erreferente nabarmenetako bat izango dela erakutsi du. Asier taldeko aurpegi berrietako bat da. Beste biek, Ale eta Iñigok ere itxura polita eman zuten estreinuko partida honetan. Aipatzekoa baita Unai Eizagirreren itzulera urtebete bateko atsedenaren ondoren. Fin aritu zen baita antolatzaile oriotarra.

Zast-Ulacia bost puntuko aldeaz iritsi da partiduaren erdira eta hirugarren laurdenean apurtu du partidua. Santurtziko taldea Euskal Koparen finalean emaitza oso onak eman zizkion zonakako defentsarekin saiatu da, baina defentsa horrek ez du izan Euskal Koparen finalean izan zuen eraginkortasunik, Zarauzko taldeak oso ondo prestatuta baitzuen zonari aurre egiteko estrategia eta, bestetik, Santurtzik galdua zuelako ordurako, partiduan zehar izan duen lesio baten ondorioz, defentsa lanetan erreferente duen Mark Hetor jokalari dinamikoa. 

Zast-Ulaciak bederatzi puntuko aldea atera dio hirugarren laurden horretan Santurtziri eta aurrez zen bost puntuko aldeari batuta, hamalau puntuko aldeko abantailaz ekin dio laugarren eta azken laurdenari.

Defentsa lanari eutsiz gero, partidu lasaia izan zitekeela zirudien, baina ez da horrela izan. Averageak, inoiz baino garrantzi handiagoa izan dezake aurtengo denboraldian eta Zarauzko taldeak zertxobait behera egin du, tamalez, partidua irabazita ikusi duenean. Berrogei segundoren faltan, gainera, sei punturaino gerturatu da Santurtziko taldea. Hala ere, garaipena ez da arriskuan egon eta zortzi puntuko aldea ere nahiko ona da, aurkariaren maila kontuan hartuta.

Alde hori, hala ere, handiagoa izan zitekeen jaurtiketa libreetan gehixeago asmatu izan balu etxeko taldeak. Hogei jaurtiketa egin ditu, Santurtzikoek baino hamahiru gehiago, baina hamar baino ez ditu sartu. Ehuneko berrogeita hamarreko portzentajea da hori, hobetu beharrekoa, inondik ere.

Ondo ekin dio ligari Zast-Ulaciak eta horrela jarraitzeko asmoa du, baina EBA ligak erantzun baino inkognita edo galdera gehiago ditu, tamalez, hasi berria den denboraldian. Partidu ugari atzeratu dira eta ez da erraza izango beste data batzuk aurkitzea partidu horientzat. 

Hori gertatu zaio, hain justu, zarauztarren hurrengo aurkariari, Egues ibarreko talde nafarrari. Pandemiak behartuta, talde horrek ez du partidarik jokatu oraindik eta laugarren jardunaldikoa izango du denboraldiko lehen partidua. Hasiera batean eta, gauzak ondo bidean, datorren igande eguerdian jokatuko da, talde nafarraren etxean, baina unetik unera alda daitezke gauzak, eta ezin da ezer ziurtzat eman.

 
 

AURREKOA    HURRENGOA