Home ZAST

EUSKAL KOPA BIZKAITARRENTZAT

Luzapenean egin dio ihes EBAko Euskal Kopak ULACIAri 63-66 Santurtzira aurka galdu ostean.

 

<   >

2020ko urriko bigarren asteburu luze honetako igandean eta astelehenean jokatu da Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian EBA ligako Euskal Kopa txapelketa, Euskadiko Saskibaloi federazioak antolatutakoa, eta Santurtzi Saskibaloia izan da garaile, astelehenean arratsaldeko 18:00etan Ulacia Zarautz etxeko taldearen aurka jokatutako partiduan.

Bi taldeak, zarauztarra zein santurtziarra, igande arratsaldeko finalerdietan ezustekoak emanda pasa ziren finalera. 

Santurtziko taldeak Arrasateko Mondragon Unibertsitatea taldearen aurka jokatu zuen finalerdia. Partiduaren hirugarren laurdenean hamabi puntu behera izan zen arren, norgehiagokari buelta emateko gai izan zen azken laurdenean, 20-2ko partzial ikusgarria egin ondoren. 

Zarauztarrek, berriz, balentria are handiagoa egin zuten kategoriako talde onenetarikoa den Bodegas Muga Easo taldeari irabazita. Lehen hiru laurdenetan oso estua izan zen partida, eta ez zen bietako inor argitasunez gailendu markagailuan. Azken laurdenaren hasieran, ordea, Zarauzko taldeak errenta txiki bat eskuratu zuen markagailuan, eta abantaila horri eutsi zion amaitu arte.

Nabarmentzekoa da bi finalerdiak eta finala jendaurrean jokatu direla, pandemiak eskatzen dituen neurriak betez eta Aritzbatalde kiroldegiaren edukiera egokituz. Hurrenez hurrez, 80 eta 120 pertsona izan dira finalerdiak ikusten eta 140 pertsona finala. Proba egokia izan da hastear den ligan ere garbitasun-neurriak bete jendeak partiduak ikus ditzan, betiere, pandemia-egoerak okerrera egin eta agintari eskudunek besterik agindu ezean. 

Finala, azkenik, urriaren 12ko arratsaldean jokatu da eta lehenik azpimarratu beharrekoa da nekez eska dakiokegula emozio handiagorik final bati, markagailuak luzapenean 63-66 emaitza adierazten duela irabazi baitu Santurtzi Saskibaloia taldeak EBA ligaren 20-21 denboraldiko Euskal Kopa, Ulacia Zarautz taldearen aurkako norgehiagokan.

Bi taldeek urduri ekin diote finalari eta hasieratik nabarmen ikusi da defentsak gailenduko zitzaiela erasoei. Zarauzko taldeak arazoak izan ditu defentsarako trantsizioetan eta Santurtziko taldeak saskiratze erraz batzuk egin dizkio kontraerasoan. Hiru puntuko desabantailaz amaitu du lehen laurdena Zarauzko taldeak, baina lasai asko joan zitekeen aurretik, baldin eta jaurti dituen jaurtiketa libre ugarietan gehiago asmatu izan balu. Egun beltza izan du gaur etxeko taldeak esparru erdiko marratik.

Santurtziko taldeak zonakako defentsa batekin ekin dio bigarren laurdenari eta etekina atera dio gainera, Ulacia Zarautz urduri eta kamuts aritu baita kanpoko jaurtiketetan. Bigarren laurdenaren beste gertakari aipagarri bat Ulaciako Asier Azpeitia jokalariaren kanporatzea izan da, epaileen bi teknika jarraian jaso ondoren. Bigarren laurdenaren amaiera aldera, bederatzi puntuko desabantaila pilatua zuen Zarauzko taldeak, partiduak markagailuan erakutsi duen alderik handiena.

Partiduaren bigarren zatian, hirugarren eta laugarren laurdenean, partiduaren bilakaera askoz ere estuagoa izan da eta ez da alde handirik izan bi taldeetako inorentzat.   

Partidaren laugarren laurdeneko azken minutuetan Ulaciak susperraldi nabarmen bat izan du Eneko Juarros eta Julen Egaña jokalarien hiruko saskiratzeei esker, eta oso zail jarri dizkio gauzak talde bizkaitarrari.

Santurtzik izan du laugarren laurden horretako azken baloi edukitza, partidua amaitzeko hamahiru segundo falta zirela. Hiru puntuz irabazten ari zen Ulacia eta etxeko taldeak faltarik ez egitea erabaki du, oraindik bonusean ez zegoen arren. Urduritasuna eta emozioa gainezka zirela, Santurtziko joko-antolatzaile Bingen Pérezek partidua luzapenera eraman duen hirukoa sartu du Ulaciako defentsa gainean zuela.

Luzapeneko lehen bi puntuak talde zarauztarreko Eneko Juarrosek sartu ditu, baina Ulacia Zarautzek ezin izan dio luzapena amaitu arte eutsi abantaila horri. Luzapenaren amaieran, aurreko laugarren laurdenean gertatu den egoera bera errepikatu da, baina alderantziz: Zarautzek izan du azken baloi edukitza hiru puntu behera zihoala, baina Zarauztarren jaurtiketa ez da saskian sartu eta Santurtzira joan da hastear den 20-21 denboraldiko Euskal Kopa.

Final batera iritsi eta galtzeak dakarren nahigabea alde batera utzita, pozik egoteko arrazoi asko ditu Zast Ulaciak 20-21 denboraldiaren atarian, bere horretan mantendu baitu taldearen bizkarrezurra eta taldera ekarri dituen hiru jokalari berriek balio-aniztasuna eta jarrera irabazlea gehitzen baitiote taldeari.

Ulacia Zarautz taldeak urriaren 25ean ekingo dio ligari, Arrasaten, Mondragón Unibertsitatea taldearen aurka eta azaroaren 8an izango du lehen etxeko partidua, hain justu, Euskal Koparen finalean aurkari izan duen Santurtziren aurka. Ikustekoa izango da.  

 

AURREKOA    HURRENGOA