Home ZAST

Euskal Kopako Finala Zarautzen asteburu honetan

EBA Euskal Koparen LAUKO FINALA Aritzbatalde kiroldegian, Urriaren 11n eta 12an

 

<   >

Zast-Ulacia saskibaloi talde zarauztarra dugu 20-21 denboraldiko EBA ligako Euskal Koparen lauko finalera sailkatu den taldeetako bat, eta Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatuko da, hain justu, lauko final hori, urriaren 11n eta 12an.

Zarauzko Zast-Ulacia taldeaz gainera, Santurtzi saskibaloia, Donostiako Easo eta Arrasateko Ointxe taldeek jokatuko dute lauko final hori.

Urriaren 11n, larunbatean, lehen finalerdia jokatuko dute, arratsaldeko 16:30ean, Santurtzi Sk eta Ointxe taldeek.

Egun berean, baina arratsaldeko 19:00etan, bigarren finalerdia jokatuko dute etxeko Zast-Ulacia taldeak eta Donostiako Easo taldeak.

Azkenik, EBA ligako Euskal Koparen finala urriaren 12an jokatuko da, astelehenez, arratsaldeko 18:00etan.

Euskal koparako ligaxka jokatu eta lauko final horretarako sailkatu ondoren, aurreko igandean jokatu du Zast-Ulaciak lauko finaleko kanporaketa erabakitzeko partidua, Santurtziren aurka. Markagailu estuaz izan baldin bada ere (60 – 64 izan da azken emaitza), ez du partidua irabazterik lortu eta Easoren aurka jokatu beharko du Euskal Kopako bigarren finalerdia, datorren larunbatean.

Zast-Ulaciak ez du partidua batere txukun hasi, batik bat defentsako lanean. Santurtziko taldea eroso aritu da erasoan, eta etxeko taldeari intentsitate handia falta izan zaio kantxaren bi aldeetan. Lehen bi laurdenak jokatu ondoren, errenta polita zuen pilatuta kanpoko taldeak.

Atsedenaldiaren ondoren, erabat aldatu dira gauzak, eta etxeko taldeak nabarmen murriztu du Santurtzik pilatuta zeukan errenta, harik eta aurretik jarri den arte, partiduaren azken minutu erabakigarrietan.

Partidua iraultzeko ahalegin handia egin ondoren, ez ditu ondo kudeatu Zast-Ulaciak partiduko azken minutu horiek eta lau puntuz galdu du amaieran, jaurtiketa libreetan egin dituen huts ugariek kaltetuta.

Emaitza alde batera utzita, Euskal Koparen lauko finalaren atariko partiduak erakutsi du Zast-Ulaciari oso baliagarri izango zaizkiola taldera ekarri dituen hiru jokalari berriak, jokalari balioanitzak eta fisikoak gehitu baititu taldera.

Era berean, nabarmentzekoa da, EBA ligako Euskal Koparen lauko finalaren atarian, COVID-19 birusak sortutako pandemiaren aurkako neurri zorrotzak probatzeko erabili dela aurreko igandeko partidua.

Asteburu ederra datorkigu, beraz, EBA saskibaloi mailak 20-21 denboraldian izango dituen lehen partiduez gozatzeko.

 

AURREKOA    HURRENGOA