Partidua hasi aurretik, multzoko sailkapenean partidu bat gutxiago irabazita zegoen Santurtziko taldea. Zarauztarrek, beraz, aukera polita zuten aurkari zuzen bat atzean uzteko, baina ez da posible izan, eta Santurtziko taldea aurretik du orain sailkapenean, irabazitako partiduetan berdinduta, baina averagea bere alde duela.
Zarauzko taldeak kanpoko jokalari batzuk zituen bajan partidua hasi aurretik, eta nabaritu da hori partiduaren bilakaeran, nabarmen egin baitu behera fisikoki taldean azken laurdenean. Zituen bajen jakitun, Zarauzko taldeak alta eman behar izan dio Antonio Guerrero jokalariari santurtziarren aurka jokatzeko; hala ere, ez da nahikoa izan garaipena Zarautzera ekartzeko.
Hiru laurden borroka bizian
Zarauzko taldeak gogotsu ekin dio partiduari, aurreko bi jardunaldietan lortutako garaipenek ematen duten konfiantzak indartuta. Defentsa lan bikainean oinarrituta, hiruna puntuko desabantaila baino ez du pilatu lehen bi laurdenetan, eta atseden luzearen bueltan, puntu bakarraz galdu du hirugarren laurdenean. Azken laurdenaren atarian, beraz, zazpi puntuko desabantaila baino ez zuen. Gainditzeko moduko desabantaila da hori saskibaloi partidu batean.
Larunbateko partiduan, gainera, oso ondo eutsi die Zarautzen jokatu zen joaneko partiduan nabarmendu ziren Imanol Artiñano eta Sergio Iglesias barruko jokalariei, eta oso albiste ona zen hori Zarauzko taldearentzat.
Azken laurdenean, nabarmen behera
Zast-Ulaciak ezin izan du aurreko hiru laurdenetan erakutsitako lehiakortasunari eutsi azken laurdenean, eta beste hamahiru puntu gaineratu dizkio hirugarren laurdenera arte pilatuta zeraman desabantailari.
Esan dugu lehen Ulaciak ondo asmatu duela talde santurtziarraren barneko jokalariak gelditzen, baina Santurtziko taldeak, kanpoan zuen hutsuneaz jakitun, Javier Mazo jokalaria fitxatu zuen pasa den hilaren hasieran kanpoko joko hori indartzeko. Eta Santurtziko taldearen fitxaketa distiratsu hori izan da, hain justu, Zarauzko taldeari min handiena egin diona, hogeita hiru puntu sartu baititu partitu osoan.
Porrot honen ondoren, beraz, Zarauzko taldeak gogor jarraitu behar du lanean ligari geratzen zaizkion zortzi partiduetan, eta oso inportanteak izango ditu aurkari zuzenen aurka geratzen zaizkion partiduak, orain arteko average gehienak galduta baititu.
Hemen partiduko estatistikak