ZAST-ULACIAK EZIN IZAN DIO ETXEAN IRABAZI PIELAGOS LIDERRARI
EBA saskibaloi ligan jokatzen duen Zarauzko Zast-Ulacia taldeak ezin izan dio liga horren hemeretzigarren jardunaldian irabazi multzoko liderrari, Pielagos talde kantabriarrari. Partiduaren amaierako emaitza 57-79 izan da, handiegia, partiduan ikusitakoari erreparatuz gero.
Beteta izan dira Aritzbatalde kiroldegiko harmailak eta ez da harritzekoa, Zast-Ulaciak partidu oso ikusgarriak jokatzen baititu eta beti estutzen baitu aurkaria etxean. Eta hala izan da gaur ere, partiduaren hasiera etxeko taldeak nahi bezain ona izan ez den arren.
Partiduaren hasiera horretan, liderraren jokalari garaien barneraketak eragozten saiatu da Zast-Ulacia; horretarako, bere saskiko esparrua itxi du laguntzekin, baina horrek jaurtiketa errazak utzi dizkie talde kantabriarreko jokalariei, eta hortxe zabaldu dute partiduko lehen alde handia, lehen laurdenaren amaieran, hamaika puntukoa.
Zast-Ulaciak, ordea, ez du etsi lehen amaiera hotz horren ondoren, eta koska bat estutu du defentsa bigarren laurdenean. Jokalariak sarri aldatzen saiatu da talde zarauztarra, fisikoki gaitasun handiagoa duten aurkarien aurka izan behar den intentsitateari eusteko, eta asmatu du estrategiarekin, bigarren laurdenaren emaitza berdinketa izan delako.
Hala ere, hortxe zegoen oraindik markagailuan hamaika puntuko aldea, liderraren aldekoa, eta aldea murriztea zen hurrengo erronka. Eta erronka hori gainditze aldera, oso serio ekin dio Zast-Ulaciak hirugarren laurdenari. Defentsa lerroak gora eraman ditu, bi baten kontrakoak saiatu ditu, eta aurkariaren pase lerroak zainduz, baloi batzuk lapurtu ditu, markagailuan lau puntura gerturatu arte hirugarren laurdenaren erdi aldean.
Partiduaren une horretantxe, ordea, erabat aldatu da dinamika, bi faktoreren ondorioz. Lehen faktorea errebotea izan da. Zast-Ulaciak lan handiak izan ditu bere saskipeko erreboteak eskuratzen. Irabazi izan ditu partiduak talde zarauztarrak aurkariak baino errebote gutxiago hartuta, baina bere aurkariak baino hamabi gutxiago hartu ditu gaur, eta benetan nekeza da alde handi horri buelta ematea maila honetan.
Bigarren faktorea, berriz, epaileen erabakiena izan da. Zarauzko jokalariak kirolez kontrako faltez eta teknikez zigortu dituzte epaileak eta horrek ere izan du isla estatistiketan. Datua argigarria da: Pielagos taldeak 31 jaurtiketa libre jaurti ditu eta Zast-Ulaciak 15 baino ez.
Faktore horien ondorioz, hirugarren laurdenaren erdialdean lau puntura murritutako aldea, hamabosteraino igo da laurden horren amaieran eta, azken laurdena falta zen arren, lan nekeza zuen aurretik Zast-Ulaciak. Saiatu da, gogoz gainera, markagailuko aldea murrizten Zarauzko taldea, baina ez du lortu, eta merezi zuena baino zigor handiagoa jaso du, azkenik, etxeko taldeak.