Home ZAST

Denok izaten dugu egun txar bat

Bigarren porrota jarraian Ulacia Gruporentzat, lehenengoa Aritzbatalden, partidu txar baten ondoren, LBC cocinas.com talde errioxarraren aurka, 49-60.

<   >

Behin baino gehiagotan azpimarratu dugu orain arteko Ulacia Gruporen ibilbidea oztopoz betea joan dela, lesioek gogor jo dute, hori ezin dugu ukatu, baina oztopo eta zailtasun horien guztien aurrean Jokin Collantesen jokalariek beti eman dute aurrera urrats bat eta edozein oztopo gainditu eta horrela lortu dute sailkapeneko goiko postuetan mantentzea 9 jardunaldi jokatu ostean.

Aurreko astean Getxon denboraldiko bigarren porrota jaso ostean, etxeko babespera itzultzen zen Ulacia Grupo igandean. Aritzbatalden jaso zuen LBC cocinas.com talde errioxarra, ligako talde indartsuenetako bat, momentu hartan zarauztarrekin batera lidertzan zegoena. Ez zen aurkari erraza, gainera indartuta zetorren, azken jardunaldian Borja Arevalo, Urrezko LEB ligan aritutako jokalaria beraiekin jokatzen hasi baitzen. Baina, beraien erreferentzietako baten baja zuten, Enrique Suarez, baina Jokin Collantesek argi zuen horrek ez zuela zertan partidua erraztu behar.

Erritmo oso geldoko partidua izan zen, ideiak ez ziren oso argi zelairatzen, erasoan huts askorekin, defentsak nagusi. Denbora aurrera zihoan eta bi taldeetako bakar batek ere ez zuen partiduko aginte makila hartzerik hartu. 4-0 hasi ziren zarauztarrak, 6-6 berdintzea lortu zuten partidua errioxarrek, 5. Minutua zen. Gero errioxarrek hiruko bat lortuta aurrea hartu, zarauztarrek puntu bakarrera murriztu, errioxarrek berriro aldea zabaldu, zarauztarrak gerturatu, horrela lehen laurden guztian zehar, borrokan, kolpeka, baina nagusitasunik gabe. Azkenean, 12-14 LBC cocinas.com taldearen alde.

Bigarren laurdeneko lehen bost minutuetan errioxarrek markagailuko aldeari eustea lortu zuten, argi erakutsi zuten ez zuten hala nola salduko garaipena, aurpegia emango zutela, jokalari baten gidaritzarekin batez ere, Borja Arevalo. Berak erritmoa ezartzen zuen bitartean, zarauztarrak erasoan ez ziren fin ibili, kosta zitzaien puntuak eskuratzea, sentsazioa ematen zuen azeleragailua zapaltzen zuten unean partidua beraien alde eroriko zela. Horrela egin dute laurdeneko azkeneko minutuetan, 7 puntuko aldea zabaltzea lortu zuten, 31-24, baina errioxarrek 5ean utzi zuten atsedenaldira iristerako, 31-26.

Ez ziren Ulacia Gruporen minutu onak izan, zelaian astun zebiltzan jokatzeko zeuden 8 jokalariak, erasoan ez zuten portzentaje onik, kosta egiten zitzaien saskirako bidea topatzea eta jaurtiketa libre askok ez zuten saskia zulatzea lortu. Baina, minutu txarrak izan arren, jokalariek euren arima eta indarra zelairatuta atsedenaldira abantailarekin iristea lortu zuten, lehiakor izanda, izaera borrokalariarekin, garaipen asko eman dizkien izaera horrekin. Saskirako bidea errazago topatu eta gehiago asmatuz gero, garaipena etxean geratuko zenaren sentsazioa zuen taldeak.

Baina, ez zen horrelakorik gertatu, 4-5-6 puntuko aldea izan zuten alde zarauztarrek hirugarren laurdenean zehar, baina puntu gutxi, errioxarrak ere ez zebiltzan fin, baina, aldea puntu bakarrean utzita amaitu zuten laurdena, 41-40. 10 minutu eta dena erabakitzeke. Hamar minutu luze izan ziren, 7 puntura luzatu zuten aldea errioxarrek eta horri eusten jakin zuten partiduaren amaiera iritsi bitartean, azkenean 49-60.

Beti ez dira gauzak ongi ateratzen, orain arte argi erakutsi du taldeak edozein oztopori, edozein arazori aurre egiteko prest dagoela eta ez duela inoiz amore emango. BI porrot jarraian, baina astebeteko atsedenaldia eta gero urtea amaitu bitarteko azken jardunaldia Azpeitian Disdira Bitxitegia taldearen aurka. Pilak kargatu eta etorkizunari itxaropentsu begiratzeko momentua da, taldeak maila bikaina erakutsi du momentu askotan eta horri eutsi behar dio. Kolpetik altxa eta jarrai dezagun lanean.

AURREKOA    HURRENGOA