Emoziorik ez zaie falta Ulacia Gruporen aurtengo partiduei. Fase guztietatik pasatzen da zaletua, sufrimendutik, poztasunetik, porrotetik, garaipenetik. Partidua galduta ikusten du momentu askotan, beste askotan irabazita. Hori bai, aspertzeko tarterik ez du izaten partiduko 40 minutuetan. Aritzbatalden biltzen direnak ikuskizun eder batekin gozatzeko aukera izaten ari dira eta igandez igande, jardunaldiz jardunaldi, badoaz kiroldegiko harmailak jende gehiagorekin betetzen.
Atzokoa ez zen salbuespena izan. Gipuzkoar derbia jokoan. Ulacia Grupo eta Redline Mekanika TAKEren artean garaipen bakarreko diferentzia sailkapenean. Goi mailako partiduari derbiek izaten duten tentsioa, urduritasuna eta emozioa gehitu behar, dena nahastu eta atzokoan Aritzbatalden bizitakoa aurkituko dugu.
Lehen minutuetan nerbioak jokoaren gainetik izan ziren, erabakirik onenak hartu ez, jaurtiketa errazak huts egin, tentsioa nabari zen jokalarien artean eta horrek duda-mudako lehen minutuetan argi geratu zen, bi taldeetako bakar bat ere ez zen bere jokoa ezartzeko gai eta partiduko aginte makila hartzekoa. Puntu gutxi, alternatiba asko markagailuan eta azkenean tolosarrak aurretik lehen laurdena amaitzean (14-16).
Jokin Collantesen mutilen partiduko minuturik txarrena etorri zen jarraian. Laurden arteko atsedenaldiak ez zien batere onik egin zarauztarrei eta minutu bakarrean 0-8ko partziala jaso eta 10 puntuko aldea tolosarrentzat. Jokinek hutsartea eskatu eta berriro ere taldearen arimari dei egin zion partiduari buelta eman eta berriro ere garaipenaren bidean jartzeko. Arimari dei egin eta Izotzen hiruko baterako jokaldia prestatu, jokalariak zelairatu, jokaldia osatu eta BINGO, Izotzen hirukoa izkinatik eta partidura buelta, 11-0ko partziala Ulacia Gruporen alde eta 25-24 markagailuan. Atsedenaldira bidean zarauztarrek partidua hautsiko zutela zirudien, 7 puntuko aldea ere lortu zuten (34-27), baina azken segunduko saskiratze batek 5ean utzi zuen aldea (34-29).
Atsedenalditik bueltan zarauztarrek euren erritmo eta jokoa ezartzen asmatu zuten, tolosarren defentsa aldaketei ondo erantzunez eta lehen hiru minutuetan lortutako 12-2ko partzial bati esker markagailuko alderik handiena Ulacia Gruporentzat (46-31). 10 puntu ingurukoko aldeari eutsi zioten laurdeneko azken minutuetan, laurdena (58-48) alde politarekin amaituta. Bazirudien partidua kontrolpean zutela zarauztarrek, baina 10 minutu oraindik jokatzeke.
Emoziorik ez zen falta izan azken 10 minutuetan. Tolosarrek, espero eta jakina zen bezala, ez zuten amore emateko asmorik, zelaian borrokatzen jarraitu zuten, barrena husten, markagailuari buelta eman eta sailkapenean Ulacia Grupo harrapatzeko. Dudako minutuak ere izan ziren, urduritasun olatua ere zabaltzen joan zen harmailetan ikusita TAKE bost puntura gerturatu zela, baina zarauztarrek aldeari eutsi eta garaipena lotzea lortu zuten, laugarrena jarraian, denboraldiko seigarrena eta sailkapeneko lidertza.
Zazpi jardunaldi joan dira jada, porrot bakarra, luzapenean eta jokalari askoren bajarekin. Horrek argi erakusten du taldea bide onetik dagoela, Jokin Collantesek, orain arte, bikain erantzun dio klubak emandako erronkari. Bide onean dago taldea, aldeko haizeak jotzen du Zarautzen, baina gabonak bitarte ez du bide xamurra izango: Getxo, LBCcocinas.com eta Disdira Bitxitegia, sailkapeneko lehen 7 postuetan kokatutako hiru talde. Bide onetik jarraitu nahi du taldeak eta jendea gozarazten, lanari eutsi eta gozatu dezagun saskibaloiarekin!