Ezer ez da ezinezkoa
Igandean 18:00tan jasoko du Ulacia Grupok Aritzbatalden oraindik ere partidurik galdu ez duen Hernani Tecnun, Gizonezkoen Lehen Mailako liderra.Igandean 18:00tan jasoko du Ulacia Grupok Aritzbatalden oraindik ere partidurik galdu ez duen Hernani Tecnun, Gizonezkoen Lehen Mailako liderra.
Partidu tranpa horietakoa izan zuen Ulacia Grupok iragan asteburuan Iruñean. Sailkapeneko zuloan sartuta dagoen San Cernin talde iruindarra bisitatu zuten Jokin Collantesen mutilek. Partiduaren ingurumariak ez ziren onenak izan, zelaia ez zegoen egoerarik onenean eta hotza ere nagusi zen. Irabazi beharreko partidua eta irabazitakoa. Istorio handirik gabekoa, zarauztarrek aise irabazi zuten, aurreko lau jardunaldietako sufrimenduak ahaztuta. 52-76 azkeneko emaitza. Guztiaren gainetik azpimarratzekoa Julen Egañaren lana, 44 puntuko balorazio eskuratu baitzuen jokalari zarauztarrak, jardunaldiko MVPa eskuratuz, 28 puntu, 5 errebote eta 7 asistentzia.
Sailkapeneko goikaldean jarraitzen du Ulacia Grupok, Tabirako Baque eta Atletico San Sebastian taldeekin berdinduta, porrot bakarrarekin, liderrarengandik garaipen bakarrera. Sailkapeneko lidertzan Hernani Tecnun taldea, jokatutako bost partiduak garaipen gisa kontatzen dituena, oraindik porrotik ezagutu ez duena. Hori izango da igandean Aritzbatalden izango dugun aurkaria. Goi-mailako partidua.
Jokin Collantesek aurkariaren zailtasunaren Berri ematen digu, azpimarratuz bolada ona iaztik datorrela, talde honek eskuratu baitzuen EBA ligarako txartela, nahiz eta gero horri uko egin: “liderraren aurka jokatzen dugu, partidu guztiak irabazita iritsiko dira Aritzbataldera. Honek erakusten digu partiduak izango duen zailtasuna. Aurkariaren bolada ona ez da denboraldi honetako gauza bakarrik, iaz EBA mailara igotzeko lauko finala irabazi zuten eta aukera horri uko egin zioten arren garaipen gosearekin jarraitzen dute. Lehia oso gogorra izango dugu, baina talde honek askotan erakutsi izan du bere aurpegirik onena kasu hauetan eta partidu ona egingo dugunaren konfiantza osoa daukat”.
Eskarmentu handiko taldea, maila handiko jokalariak, batzuk EBA ligan esperientziadunak ere. Baina, zarauztarrak dena emateko prest daude, liderrari aurre egin eta estu hartuz etxeko hirugarren garaipena eskuratuta, etxean sendo jarraitu nahi du Ulacia Grupok, partiduak garaipentzat kontatuz. Hori adierazi digu Jokinek: “urte bukaeran sailkapenaren goikaldean egongo den talde baten aurka jokatzen dugu eta partidu hauetan garaipena lortzeak garrantzi handia izaten du taldearen konfiantzarako batez ere. Etxean lortu ditugun bi garaipenei jarraipena ematea izango da gure asmoa”.
Azken jardunaldiak albiste on bat utzi zuen, Mikel Larrañagak sei hilabeteko bide luzearen ostean lehen minutuak jokatzeko aukera izan zuen eta pixkanaka-pixkanaka taldearen dinamikan sartzen doa. Taldea ondo iritsiko da igandeko partidura, garaipena eskuratzeko prest: “taldea ondo iritsiko da partidura, talde lanean hobetzen goaz. Gainera, 6 hilabeteren ostean Mikel Larrañagak pasa den astean lehen minutuak jokatu zituen eta pixkanaka taldeari laguntza gehiago ematen joango da”.
Partidu gogorra bezain interesgarria, jokatzea eta ikustea gustokoa izaten den horietakoa. Denon babesa eta animoak ezinbestekoak izango dira, harmailak seigarren jokalari izan eta taldea garaipenaren bidean jartzeko. Igandean ez huts egin eta etorri Aritzbataldera!