Home ZAST

Hirugarrenaren bila

Arri BKL eta Universidad de Deusto garaitu ostean, Atletico San Sebastianen etxean irabazita denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu nahi du Ulacia Grupok.

<   >

Larunbatean arratsaldeko 18tan Donostian jokatuko du Ulacia Grupok Atletico San Sebastianen aurka, bi taldeak porrota ezagutu gabe zelairatuko dira, hirugarren jardunaldian hirugarrena eskuratzeko helburua izango dute biek ala biek.

Emozioz beteriko igandea bizi izan genuen Aritzbatalden, partidu berdindu bezain gogorra irabaztea lortu zuen Ulacia Grupok Universidad de Deusto talde bilbotarraren aurka. Partiduak bi zati oso desberdin izan zituen, lehenengoan zarauztarrak nagusi izan ziren eta atsedenaldira 5 puntuko errentarekin iritsi ziren, bigarrenean aldiz, bilbotarrak hobeto zelairatuta erritmoaren jabe egin ziren. Azkenean partidua luzapenera joan zen. Luzapeneko lehen minutuetan Ulacia Grupok saskirako bidea errazagoa topatuta abantaila txiki bat eskuratu eta hori mantentzea lortu zuten. Bigarren garaipena poltsikora.

Bi jardunaldi jokatuta, bi garaipen. Jokin Collantes entrenatzaile zarauztarrak ezin hasiera hobeagoa izan ZASTeko gizonezkoen lehen taldearekin. Larunbatean Donostiara doaz, Atletico San Sebastian taldeari bisita egingo diote, sailkapenaren goikaldean zarauztarrekin berdindua dagoen taldea. Partidu gogorra aurre ikusten du entrenatzaileak: “lehenengo bi partiduak gogorrak izan badira, hau ez da gutxiago izango. Azken 4 urtetan 3 aldiz lortu dute lauko finalean sartzea, horrek adierazten aurkariaren maila. Bi partiduetan erakutsi dugun esfortzu maila mantendu beharko dugu partiduan lehiakor izateko, hau lortuz gero ziur nago berriz ere azken minututan erabakiko dela partida, prest egon beharko dugu”.

Atletico San Sebastianek ez du aldaketa sakonik jasan bere taldean, azken denboraldian lauko finalera sailkatu zen taldearen bizkarrezurra mantentzea lortu dute eta hori lehen bi partiduetan bi garaipen erdiestea ekarri du, horrek argi erakusten du aurkari zaila izango dela, goiko postuetan lehian ariko dena, emozioa eta tentsioa ez dira faltako larunbatean Aieteko Kiroldegian.

Denboraldiko azken partidua izango balitz bezala hartu behar du Ulacia Grupok larunbatekoa: “liga hasiera izanik, partidu guztiek dute garrantzia handia, beraz azkena balitz bezala hartu beharko dugu. Gure helburua gure maila onenetik ahalik eta gertuen egotea izan behar du, jokalariak berriz ere esfortzu handi bat egiteko prest egon beharko dute, aurreko bi partiduetan erakutsitako eta emandako lehiakortasun maila bera eman beharko dute hirugarrena erreskadan eskuratzeko”.

Taldea gogotsu dago biharko partiduari begira, garaipenak pilatzen jarraitu nahi du, azken denboraldietako zapore gazia gozotzeko lanean sendo jarraitu nahi du Ulacia Grupom eta horretarako zer hobe ligako talde indartsuenetako baten etxean garaipena eskuratuta, mahaian kolpe indartsu bat emanez ozen esateko: HEMEN GAUDE!

AURREKOA    HURRENGOA