Home ZAST

ULACIA-ZAST SASKIBALOI TALDEAK AZAROAREN ZORTZIKO IGANDE HONETAN JOKATUKO DU EBA LIGAKO LEHEN PARTIDUA

Saskibaloiko EBA ligan jokatzen duen Zarauzko Ulacia-Zast taldeak azaroaren zortziko igande honetan jokatuko du, gauzak ondo bidean, ligako lehen partidua, arratsaldeko 18:30ean, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, zorrotz beteta, betiere, bizi dugun pandemian indarrean diren osasun eta segurtasun neurri guztiak.

<   >

Ulacia-Zastek hamaika taldera mugatutako AA multzoan jokatzen du aurten eta, lehen jardunaldian atsedenaldia izan ondoren, ezin izan du jokatu Mondragon Unibertsitatea taldearen aurkako partidua bigarren jardunaldian, norgehiagoka atzeratu beharrean izan baita, pandemia egoerak hartaratuta.

Hori horrela, ligako hirugarren jardunaldian ekingo dio ligari eta, nola diren gauzak, aurreko urriaren 18an Euskal Kopako finalean aurkari izan zuen Santurtzi Saskibaloia taldea izango du aurrean, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian berriro ere. Denboraldiko lehen partidu benetan berezia izango da, beraz, luzapen denboran eta hiru puntuko alde murritzaz galdu baitzuen Ulacia-Zastek final hori.

Ulacia-Zast taldeak eutsi egingo dio denboraldi honetan aurreko denboraldietako plantillaren bizkarrezurrari eta hiru jokalari berri izango ditu: Goierri taldetik etorritako Iñigo de la Hera joko antolatzailea, Easo taldetik etorritako Asier Azpeitia hegalekoa eta Malagatik etorritako Ale Romero hegal-pibota. Hiru jokalari berri horiekin eta Unai Eizagirre kapitainaren itzulerarekin, talde luzea osatu du Zast-Ulaciak, konbinazio asko egiteko aukera emango diona denboraldian zehar.

Jokalariekin egin duen moduan, Ulacia-Zastek jarraipena eta berrikuntza uztartu ditu entrenatzaileen taldean ere. Denboraldi honetan, Asier Rekondo izango da entrenatzaile buru, baina iaz lehen entrenatzaile izandako Jokin Collantes izango du alboan, Aitor Udakiolak lagunduta.

Horrenbestez, pandemia egoerak eragozten ez baldin badu, igande honetan ekingo dio Ulacia-Zastek EBA ligako denboraldiari, taldearen bizkarrezurrari eutsita eta hura osatzeko pieza interesgarriak ekarrita. Taldearen egitura berritu horrek partida guztiak borrokatzeko aukera emango dio, Euskal Kopako partiduetan ikusi ahal izan den moduan.

Igandetik aurrera ikusiko dugu, beraz, zer dakarkigun pandemia egoerak goitik behera baldintzatutako denboraldi erabat berezi eta ezohiko honek.

AURREKOA    HURRENGOA