Home ZAST

SANTURTZIN JOKATUKO DU ZAST-ULACIAK 22. JARDUNALDIKO PARTIDUA

Aurreko jardunaldian etxean bigarren sailkatuari luzapenean irabazi ondoren, etxetik kanpo Santurtzi Saskibaloi Elkartearen aurka jokatzea dagokio Zast-Ulacia talde zarauztarrari, EBA saskibaloi ligako AA multzoaren 22. jardunaldian. Hain zuzen, otsailaren 29an jokatuko du, larunbatez, arratsaldeko 18:30ean, Santurtziko Mikel Trueba kiroldegian.

<   >

Ez da, inondik inora, partidu erraza izango Zarauzko taldearentzat. Zast-Ulaciak baino partidu bat gutxiago irabazi duen arren, indartsu dator behetik gora Santurtziko taldea. Larunbateko partiduak Zast-Ulaciarentzat izango duen zailtasuna ulertzeko modu ona da Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatutako partiduari erreparatzea; izan ere, Ulaciak bi luzapen behar izan zituen Santurtziko taldeari hiru puntuko alde txikiaz irabazteko.

Joaneko partidu horretan, Imanol Artiñano pibotak hogeita bost puntu saskiratu eta hogei errebote hartu zituen, eta Sergio Iglesias hegal-pibotak, berriz, hamasei puntu sartu zituen, barneraketetan eta banakako erasoan gelditzeko jokalari gaitza dela erakusteaz gainera.

Joaneko partidu hartatik, gainera, taldea indartzeko fitxaketak egin ditu eta gainditzeko talde are gaitzagoa da orain.

Aurreko jardunaldian Santurtzin bertan jokatu eta irabazi zuen talde bizkaitarrak; beraz, bigarren partidua izango du jarraian etxean, eta moralez beterik ekingo dio bi taldeentzat oso inportantea den partidu bati. Izan ere, liga amaierako sailkapenean berdinketak gertatzen baldin badira, taldeek elkarren artean jokatutako partiduen emaitzek erabakitzen dituzte liga amaierako postuak, eta oso posible da larunbatean aurkari izango diren bi taldeek irabazitako eta galdutako partiduen kopuru bera izatea ligaren amaieran.

Jakina da Zarauzko taldeak zailtasunak dituela etxetik kanpo partiduak irabazteko, bi baino ez ditu irabazi Aritzbataldetik urrun. Hala ere, egia da, era berean, etxetik kanpoko bigarren garaipena orain bi jardunaldi irabazi zuela, eta aurreko jardunaldian multzoko bigarren sailkatuari irabazteak bultzada moral handia emango diola Jokin Collantesek eta Andoni Lazkanok entrenatutako taldeari.

Zarauzko taldeak ez ditu oso emaitza onak lortu liga amaierako averageei begira eta, erraza izango ez duen arren, Santurtzitik emaitza on bat ekartzea komeni zaio. Bere defentsa saiatua eta erasoko talde-jokoa izango ditu, beste behin, helburu hori lortzeko giltzarri.

AURREKOA    HURRENGOA