VALLADOLIDEN JOKATUKO DU ZAST-ULACIAK 20. JARDUNALDIKO PARTIDUA
EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zarauzko Zast-Ulacia taldea Valladolidera joango da larunbat arratsalde honetan, ligako 20 jardunaldiko partidua jokatzea baitagokio CB La Flecha taldearen aurka, arratsaldeko 18:30an.
Zarauzko taldea ibilbidea zuzendu beharrean da, ligaren lehen herenean oso txukun aritu den arren, behera egin baitu bigarren herenean. Urtearen amaiera eta hasiera ez dira batere onak izan Zast-Ulaciarentzat, eta jarraian galdutako hiru partiduren bolada eten ahirik egingo du Valladoliderako bidaia.
EBA ligako AA multzoaren sailkapenean eten bat gertatu da denboraldiko bigarren herenean. Lehen sailkatutako taldearekiko lau partiduren bueltan dira sailkapeneko lehen zortzi taldeak, eta sailkapeneko lehen zortzi sailkatu horien ondoren, bost taldeko multzo bat dago, liderrarekiko zazpi partiduetara, berdinduta, irabazitako eta galdutako partidu kopuru berarekin. Bigarren multzo horretan dago, hamabigarren postuan sailkatuta, Zarauzko Zast-Ulacia taldea.
Larunbatean aurkari izango duen La Flecha taldea, berriz, EBA ligaren AA multzoko seigarren postuan sailkatuta dago, hamar partidu irabazi eta zortzi galdu ondoren. Valladolideko taldeak partidu asko irabazten ditu etxean eta Zast-Ulaciak, berriz, benetan dinamika txarra darama etxetik kanpo, denboraldia hasi denetik partidu bakar bat irabazi baitu Zarauztik urrun.
Nabarmentzekoa da itzuliko partidua dugula hau, eta Zast-Ulacia bederatzi puntuko aldeaz gailendu zitzaiola La Flechari Zarautzen jokatutako joaneko partiduan, baina partidu hartan ikusi ahal izan genuen moduan, ondo entrenatutako talde gaztea da Valladolidekoa, eta gorantza egin du denboraldiak aurrera egin ahala.
Partidu zaila izango du, beraz, Zarauzko taldeak eta onena eman beharko du etxera aldeko emaitza batekin bueltatzeko.